Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Final Four-a irabazi, eta mailaz igotzea lortu du TAKE Orbelak

(Tolosaldeko Hitza - 2013/05/28)

TAKEk 25. urteurrena ospatzeko erabaki zuen Gipuzkoako erregional lehen mailako Final Four fasea Tolosan egitea. Hala gertatu da, bai, eta TAKE Orbela saskibaloi taldeak fasea jokatu du, maila igoera eskuratuz gainera.
TAKEko bigarren taldea da TAKE Orbela, eta duela hiruzpalau denboraldi sortu zuten, maila baxuagoetatik lehen taldera pasatzeko trantsizio hori betetzeko asmoz. Jauzi handia egin du taldeak, eta autonomia erkidegoko mailara iristea lortu dute horrela.

Final Four-a lau talderen artean jokatu zuten, eta Alde Zaharra talde donostiarraren aurka jokatu zuten tolosarrek, 72-50 gailenduz. Aurreko norgehiagoka Errotaundi azpeitiarrek irabazi zuten, 40-47; azpeitiarren aurka irabazi zuen, beraz, TAKE Orbelak, 60-63ko emaitzarekin.

TAKEko kideek azaldu dutenez, maila igoera, besteak beste, entrenatzeko moduan nabarituko dute: «Entrenamendu gogorxeagoak egin beharko dira, maila horretako partidu eta jokora egokitzeko. Honez gain, norgehiagoketara joan-etorriak ere orain artekoak baino luzeagoak izango dira».

Gainerakoan, TAKE Orbelako jokalariek hurrengo denboraldian ere jarraituko dutela azaldu dute taldekideek, eta beraz, ez da aldaketa nabarmenik izango jokalariei dagokienez.

Orain, denboraldia amaituta, Tolosako Adiskideak Kirol Elkartea taldearen 25. urteurrena ospatzeko jardueretan murgilduko dira entrenatzaile nahiz jokalariak, bete-betean.

menu
menu