Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

TAKE Orbela Taberna Gipuzkoako Txapeldun!!!

Lauko finala irabazi ostean Autonomika Mailarako igoera lortu du

Usabal kiroldegian asteburu ikusgarria izan zen Lehen Maila Erregionaleko Lauko Finala jokoan izan baitzen eta emozioz beteriko amaiera batean TAKE Orbela Tabernak Autonomika Mailarakoa igoera lortu zuen.

Larunbatean finalaurrekoak izan ziren jokoan. Lehen partidan ustez faborito zen eta igoera lortzeko apustu handiena egin zuen Santo Tomas Lizeo donostiarra eta Azpeitiako Errotaundi ISB lehiatu ziren. Partida oso berdindua izan, baina bigarren laurdenean azpeitiarrek aurrea hartu zuten eta amaiera arte bere horretan mantendu ziren, donostiarren gehiegizko gogoaz baliatuz. Antsietateak beraiekin ahal izan zuen eta talde langile eta borrokalaria den azpeitiarrenak garaipena eskuratu zuen.

Bigarren finalerdian tolosarrak eta Alde Zaharra donostiarra izan ziren. Nahiz eta alde txikiak izan lehen laurdenaren amaierara 17-13-ko markagailuarekin iritsi ziren. Bigarren laurdenean Koldo eta Ioritz-en mutilak trabatu egin ziren, eta donostiarrak euren beteranotasuna baliatuz partida berdintzera iritsi ziren, atsedenaldia 24nako markagailua utziz.

Hirugarren laurdenean, “tabernariek” bereak eta bi egin zituzten, joko ikusgarri batekin aurkariaren gainetik pasa ziren, 27-7 partzial bat ezarriz, azken segundoan Haritz “Almirante” Arana-k bere zelaitik lorturiko saskiratze batekin amaituz (51-31).

Azkena laurdenean, donostiarrek erreakzio bat izan zuten markagailuan gerturatzera eraman zituenak, baina azkenean partida 72-50-eko markagailuarekin amaitu zen. Lehen urteko juniorra den Gaizka Maiza izan zen partidako izarra.

Era honetan, igandeko finalera iritsi ginen. Dena karta batera Azpeitiako Errotaundi ISB-ren aurka, ezohiko joko batekin, tolosarrentzat deserosoa dena. Etxekoek euren ekipazio maitatuarekin jokatu zuten, Orbela Tabernaren beltza, eta nahiz eta partida hasiera kaxkarra egin, lehen laurdenaren amaierara 18-14-ko markagailuarekin iritsi ziren, Kike-ren gidaritzapean. Bigarren laurdenean, urdinek euren maila igo zuten eta partidan lehen alde garrantzitsua lortu zuten, 24-15, baina erasoan trabatu ostean, atsedenaldira 30-25 iritsi ziren.

Hirugarren laurdenean Azpeitiakoek markagailuari buelta eman zioten 3 puntuko aldea lortuz, baina amaierara 41-40-ko emaitzarekin iritsi ziren etxekoen alde. Azken laurdenera kirioak dantzan sartu zen partida, defentsak erasoen gainetik. Orbelakoen bultzada batek 47-40-koa jarri zuen markagailuan, baina azpeitiarrek partida berdintzea lortu zuten, eta nahiz eta etxekoek azken baloia izan, 51-51 amaitu zen partida, luzapena behartuz. Eta hemen etorri zen estasia.

Denbora da Tolosako saskibaloiak ez zuela horrelakorik bizi. Harmailak goraino, eta taldeari beharrezko bultzada emanez, jokalariak erabat ahituta, lehen 4 minutuak berdindurik joan ziren azken minutura sartu aurretik. 58 segundoren faltan azpeitiarrak 4 puntu goitik iritsi ziren. Bazirudien “gaua” iritsi zela, Gaizka bera burumakur zebilen, denak galdua zirudien, baina une horretan taldearen gaztetasun eta beteranotasun nahasketak ez zeuden tokitik indarrak atera zituen eta miraria lortzeko gauza izan zen.

Kike “Pipiolo” Conde eta Iñigo “Ferreterias” Moreno-k taldea bizkar gainean hartu zuten. Lehenaren jaurtiketa libre bat eta bigarrenaren erasoko errebote batek, falta atereaz eta bi jaurtiketa libreak sartuaz, eta azkeneko defentsa bikain batek (8 segundo azpitik ezin izan zuten azpeitiarrek zelai erdia pasa), baloia etxekoei eman zien, Kike “zarra”-ren hiruko bat ekarriz eta markagailuari itzulia emanez 35 segundotan (63-61). 17 segundo geratzen ziren eta miraria lortua zegoen. Azpeitiarren azken erasoak ez zuen baliorik izan burumakur baitziren eta saskira jaurtitzea ere ez zuten lortu.

Garaipena eta eromena kiroldegian. Izugarria Kike bezalako beteranoak (43 urte) garaipenaren saskiratzea lortzen 30 minutu jokatu ostean. 16 eta 20 urte bitarteko gazteekin gehituz, Gaizka eta More euren adinerako beteranotasun izugarria erakutsiz, edota Imanol Eguren ligako defendatzailerik onena lana baliatuz. Festa bat, gozamen bat.

Lerro hauetatik eskerrik beroena Usabal kiroldegia bete zuten zale guztiei, Orbela Taberna babesleari, eta talde zoragarri honi.

menu
menu