Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Garaipen eta porrot bana TAKE Iurre Tabernarentzat liga amaitzeko

EASO Haranetaren aurka bi partidu jolastuz amaitu dute denboraldi ofiziala errendimenduko kadeteek

Pasa den asteburuan bi partidu jolastu dituzte TAKE Iurre Tabernako kadete mutilek, larunbatean bat eta igandean bestea. Aurkaria, soberatzen ezagutzen genuen EASO Haraneta izan zen, eta norgehiagokek sailkapenari begira ondoriorik ez izan arren, denboraldian zehar ikasi eta hobetu dutena erakusteko asmoz bi neurketak irabazteko asmoarekin zegoen taldea.

Donostian jokatu zen lehen partiduan, Tolosarrak hasi ziren lehen abantailak hartzen. Kontraerasoen bidez 0-8ko partziala lortu zuten, baina EASOk erreakzionatu eta markagailua berdintzea lortu zuen. Donostiarrek zonakako defentsa proposatu zuten gure erasoa oztopatzeko, baina Iurrekoak ondo mugitu zuten baloia eta lortu zuten hori gainditzea. Minutu oso parekatuak izan ziren eta atsedenaldira 20-20ko markagailuarekin joan ginen.

Tolosarrak, orduan, aurkaria ezustekoan harrapatzen saiatu ziren, eta baita lortu ere. Kantxa erdiko presio onari esker baloiak lapurtu eta markagailuan 7-8 puntuko aldea hartu zuten, gerora erabakigarria suertatuko zena. Hortik aurrera, defentsa kolektiboa eta baloi mugimendu ona baliatuz, garaipena poltsikoratu zuten: 35-44.

Bigarren neurketak antzeko gidoia jarraitu zuen: bi taldeak oso berdinduta eta bakoitza bere gaitasunak aprobetxatuz. Markagailuan ere berdintasun hori nabarmendu zen, baina Tolosarrak minutu askotan aurretik joatea lortu zuten. Berriz ere amaieran erabakiko zen dena, eta, kasu honetan, EASOren alde erori zen txanpona. Donostiarrek presioa estutu eta markagailuari buelta ematea lortu zuten azken 5 minutuetan, amaieran emaitza 44-49 izan zelarik.

Aipatu beharra dago taldeak oso ondo borrokatu zuela bi partiduetan. Gainera EASOk proposatu zituen 3-2 eta 2-1-2 zonakako defentsak eta kantxa osoko presioa arazorik gabe gainditu ziren minutu gehienetan, taldearen hobekuntzaren seinale. Ez da liga erraza izan eta ez dira lortu nahi ziren garaipen guztiak, baina oso maila ona emanez amaitu dute txapelketa mutilek eta, azkenean, garrantzitsuagoa da ikasi eta hobetutakoa markagailuak baino, hau izango baita etorkizunerako baliagarria izango zaiena. Zorionak egindako lanarengatik!

Maiatzeko zubiaren ostean, hainbat lagunarteko jolastuko ditu taldeak, denboraldiari amaiera emateko.

1,2,3…TAKE!

menu
menu