Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Berotasunean hotz

Tolosaldeko Ataria

TAKEk garaipen garrantzitsua (58-60) lortu du Arrasaten, Mondragon Unibertsitatearen aurka

TAKEk gustuko du Arrasate. Oroitzapen onak baino ez datoz burura Iturripe aipatuta. Eta hori gutxi balitz, Ointxek eta bere zaleek, beharrezko elementu guztiak gehitzen dizkiote gero eta derbi kutsu handiagoa duen partidari.

Eta derbiek izan ohi dituzten elementuak izan zituen larunbatekoak: tentsio ugari eta emozioa; baita polemika ere. Partida beroa izan zen, baina une garrantzitsuenetan burua hotz mantendu zuten tolosarrek. "Azken bi asteetan hoztasun hori falta izan zitzaigun, eta alor horretan partida ongi kudeatzen jakin genuen" azaldu du Yon Gonzalezek.

Lehen laurdenean TAKEk zabaldu zuen tartea garrantzitsua izan zen. Hamar puntuko aldea zabaltzera ere iritsi ziren. Atsedenaldirako, ordea, laura murriztu zuen Ointxek. 27-31.

Tentsioa tarteko, partida asko trabatu zen. Irakurketa hori egiten du Gonzalezek: "Bi taldeek falta asko egin zituzten eta guztiz moteldu zen jokoa. Hori erabili zuten arrasatearren markagailuan gerturatzeko".

Erabakitzeko unea zela zirudienean, etxeko taldea kanpoaldetik asmatzen hasi zen eta partida estutu zen, harik eta berdinketa lortu zuen arte: 46-46.

Orduantxe, urduritasunak ahaztu eta erabakiak ongi hartzeko patxadaz jokatu zuen TAKEk. 15 segundoren faltan, bi puntuko aldeaz tolosarrak ziren nagusi, baina baloi jabetza MUrena zenez, falta egitea erabaki zuen Gonzalezek. Biak sartuta, berdinketa itzuli zen markagailura. 10 segundo zeuden aurretik, eta arrasatearrek falta egin zuten. Lander Lasak bi jaurtiketak saskiratu zituen. Eta gehiagorako astirik ez.

Garaipen garrantzitsua, datorren asteburuan partidarik egongo ez dela kontutan hartuta. Puntuek berotasuna emango dute denbora tarte horretan.

http://ataria.info/tolosa/1448897273053

Argazkia: Koldo Carrillo/Mondraberri

menu
menu