Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Bost minutuko deskonexioa

Tolosaldeko Ataria

Partida ona burutu arren, hirugarren laurdeneko akatsek baldintzatuta, galdu egin du TAKEk Santanderren, 68-61.

Dena ongi zihoan. Behar bezala jokatzen ari zen TAKE, defentsan nahiz erasoan, bikain. Cantbasketeko jokalari onenak kontrolpean zituen. Atsedenaldira ere aurretik iritsi zen.

Baina guztia ongi doanean, aski dira bost minutu ordura arte egindako lana deuseztatzeko. Eta horixe gertatu zen. Hirugarren laurdena ongi hasi bazuten ere, bost minutuan guztia aldrebestu zen. Honela kontatzen du Gonzalezek gertatutakoaren berri: "Bi erabaki polemikok partidatik atera gintuzten. Epaileekin itsutu ginen, eta konturatzerako, 15 puntu azpitik ginen".

Erori zen, eta berriro altxa zen talde tolosarra. Laugarren laurdena 0-7ko boladarekin hasi zuen, baina orduantxe azaldu zen kantabriarren izarra: Matagrano. Ordura arte sartu ez zuen guztia sartu zuen: 11 puntu jarraian. Eta hortxe joan ziren tolosarren aukera guztiak. Azkenean, 68-61.

Galdutako aukera on baten sentsazioaz da Gonzalez: "Pozik nago taldeak orohar partida ona jokatu zuelako. Baja garrantzitsuak genituen, eta hala ere taldea maila ona erakutsi zuen. Baina bost minutu horiek pena ematen didate".

Eta hurrengo norgehiagoka, Ardoiren aurka, Zaldunita egunean jokatuko du, arratsaldez. Partida orduz aldatzen saiatu arren, nafarren ezezkoa jaso zuen TAKEk. Adi ibili beharko dute, tolosar bati inauterietatik bost minutuz deskonektatzea aski baita bere malaletxea ateratzeko-eta. Bat, bi, hiru..!

Lehen itzulia, gazi-gozoa
Zazpigarren postuan, 6-7ko balantzearekin amaitu du lehen itzulia TAKEk. "Ez da emaitza txarra. Azpiko talde guztiei irabazi diegu eta horrek segurtasuna ematen dizu. Baina uste dut pare bat partida gehiago irabazita izan behar genituela. Pielagosen aurka ez ziguten irabazten utzi, eta Valladoliden aurka guk geuk galdu genuen. Etxean aurrerapauso bat eman behar dugula uste dut", dio entrenatzaileak.

Lesioez ere hitz egin du: "Zorte txarra izaten ari gara. Ea arazo guztiak konpontzen diren aste gutxiren baitan".

menu
menu