Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Garaipen garrantzitsua TAKE Aralar Kirolakek lortutakoa

TAKE Aralar Kirolakek 45-38 irabazi zuen BKL A taldearen aurka, borroka handiko lehia baten ostean

Berriro ere BKL A taldea jasotzen zuten gure juniorrek Tolosan, eta berriro ere baja garrantzitsuekin aurpegiratu behar izan zuten norgehiagoka. Azken aldian, lehia oso estu baten ondoren, garaipena Beasaingo neskentzat izan zen, igande honetan, Tolosarrak gauzak aldatzeko ideiarekin aurkeztu ziren Usabalen. Esan bezala, TAKEkoek Leyre Jauregi eta Onintza-ren bajak zituzten, eta ohikoa den bezala, Lucia eta Maddi, taldeari laguntzeko prest ziren.

Laster ikusi zen, zein motatako norgehiagoka izango zen igandekoa. BKL-koek lehen minututik 3-2 zona ipini zuten, eta hau mantendu partida osoan zehar. Asko dira jada, aurten horrela jokatu behar izan ditugun partidak, pena bat, ze saskibaloiaz gozatzeko aukerak murrizten dira neskentzat, baino kasu hauetan egin beharreko bakarra zera da, argi eduki zer dagoen aurrean, eta pazientziaz jokatu.

Lehen laurdena, lehia osoa izango zenaren erakusgarri izan zen. Inork ez zuen lortzen markagailuan alde nabarmenik, baten saskiratzeei, besteak azkar erantzuten zien, eta Tolosarren defentsa gogorrei, Beasaindarrek berdin erantzuten zieten. Nahiz eta lehenengo abantailak BKLren alde izan, Lideren hiruko batek eta Ainhoaren kontraeraso batek gauzak estutu zituzten.

Gauzak horrela, lehen laurdena 11-10eko markagailuaz bukatu zen. Bigarren laurdenean gauzek antzeko jarraitu zuten. Gure neskek, pase marrak estutuz eta baloiak lapurtuz, kontraeraso aukerak lortu eta aprobetxatzen zituzten, atsedenaldira bi puntuko abantailaz iristeko.

Atsedenaldia eta gero, partiduaren gidoia ez zen aldatu, Eraso estatikoan asko kostatzen zitzaien TAKEkoei puntuak pilatzea, eta Beasaindarrak eroso zeuden egoera honetan. Nahiz eta laurdena Ainhoaren hiruko batekin hasi, eta Alaitzen beste hiruko batekin bukatu, partziala BKLkoen alde izan zen puntu batengatik eta azken 10 minutuen faltan soilik puntu bakarreko abantaila etxekoentzat.

Azken laurdena tentsio handikoa izan zen. Usabalera gerturatu ziren zaletuak ere, nabarmena zen urduritasunez bizi zituzten minutu hauek. Gure junior neskek, defentsaren gogortasuna puntu bat igo zuten, eta honi esker aurkaria soilik 8 puntutan uztea lortu zuten. Hau izan zen garaipenaren giltza. Erasoan Alaitz, Leire eta Laia 14 puntu sartzeko konbinatu ziren meritu handiko saskiratze batzuk barne. Bukaerako emaitza 45-38 TAKE-n alde. Zorionak beste behin ekipo!

Norgehiagokaren bukaeran, Alaitzen urtebetetzea gustora asko ospatu zuen taldeak. Tortilla pintxoa eta pastak, eta kantxan zeuden mutilen edertasunari buruzko eztabaidak. Azterketen urduritasunak, momentuz alde batera uzteko goiz ezin hobea dudik gabe!

Datorren larunbatean egundoko erronka. Donostiara Cafes Aitona Askatuak taldean aurka lehiatzera. Fase honetan porrota ezagutzen ez duen taldea. Aukera polita gauzak probatzen jarraitzeko, eta beldurrik gabe jokatzeko. Gogor arituko dira gure neskek emaitza positibo baten bila!

Aupa neskak! Eta 1, 2, 3… TAKE!!!

menu
menu