Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Sufritzen jakitearen saria

Norgehiagoka osoan azpitik joan eta gero, azken minutuetan lortu zuten garaipena EBAko mutilek.

Goiz hasi zen jardunaldia TAKE Tolosako mutilentzat, goizeko 06:45etan irtetera ez dago ohituta taldea, eta logure aurpegiak nabarmenak ziren espedizioan. Ordu horiietan katua txakurretik bereiztea ere kostatzen da. Hala ere gogotsu bidaiatzen zuen taldeak, jakitun hurrengo 8 egunetan denboraldiaren nondik norakoak jokatzen zituela.

Zortzi egun hauen lehen erronka, Valladolid-en, Universidad De Valladolid-en aurka, sailkapenean postu bat beherago dagoen taldea. Usabalen garaipena lortutako taldea, eta beraien jokatzeko era argi duen taldea. Tolosarrek ere argi zuten egin beharrekoa, baino gauzak ez ziren atera espero bezala.

Hasieratik ikusi zen ez zela TAKEtarren egun finena. Taldearen indar nagusia izan ohi den arma, defentsa, Tolosan geratu zen igande honetan. Etxekoek erraz aurkitzen zuten saskira bidea, kontraeraso azkarrak balantze gabe, kanasta azpian jasotako paseak oposizio gabe, eta beraien jaurtitzaile arriskutsuenek tiro aukera argiez gozatzen zuten. Horrela oso zaila izaten da EBA bezalako maila batean garaipena lortzea. Atsedenaldira 10 puntuko abantaila etxekoentzat, eta aurpegi ilunak TAKEko taldean.

Argi zegoen jarrera aldaketa bat beharrezkoa zela bigarren zatiari begira, eta zorionez hau ikusi zen. Hala ere, aldaketa honen fruituak ez ziren laster iritsi, hirugarren laurdenean Valladolid-ekoek asmatzen jarraitzen zuten, eta norgehiagoka amaitzeko 8 minutu geratzen zirelarik, 12 puntuko abantaila zuten markagailuan. Gutxik sinistuko zuten momentu honetan garaipena posible zela, baino talde honen erakusgarri bada inoiz ez etsitzea, eta honi esker iritsi zen ezustean garaipena. Goarrek 3 hiruko ia jarraian saskiratu zituen, kantxan zeuden 5ak %100 ematen zuten defentsan, eta aulkitik animoak ziren nagusi orain.

Horrela gertatu zen bi minutu faltan berdinketa egoera. Azken minutu hauetan, TAKEk bai erabakietan, eta bai jaurtiketa libreetatik asmatu egin zuen, eta asko sufritu ostean garaipena Tolosara ekarri zuten, 79-83ko markagailuaz.

Batzuetan esaten den bezala, emaitza arratsaldearen onena, beraz akatsetatik ikasi, eta aurrera jarraitzea egokitzen zaio taldeari. Aurretik aste gogorra, betiko entrenamendu saioak, eta bi partidu handi asteburuan.

Larunbatean 19:00tan Usabalen derbya Mondraren aurka, eta igandean 13:00tan berriro Usabalen, lehia berria Palentziako Venta de Bañosen aurka. Gauza bat argi dago, motibazioa ez dela faltako bi aurkari hauen kontra. Zaleen laguntza ezinbestekoa izango da denboraldian lasaitasuna ziurtatzeko beharrezkoak diren bi garaipenak lortzeko!

Aupa mutilak!

menu
menu