Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Esfortzu ona eta beste urrats bat junior mutilek

Aurkari zail baten kontrako garaipenak hauspoa eman die junior mutilei Final Fourra irabazteko helburuari begira

Aurkari zail baten kontrako garaipenak hauspoa eman die junior mutilei Final Fourra irabazteko helburuari begira
Easo C Okeletxek bisitatzen zuen Usabal aurten bigarren aldiz pasa den larunbatean. Lehen aldiz etorri zirenean, ez zen gureen partidarik onena izan, albiste eta emaitza txarrak jaso besterik ez baitzituzten egin gureek. Horretaz gain, aurkarien jarrera ere ez zen egokiena izan, harrokeria puntu batekin jokatu baitzuten bere markagailuko aldeaz probestuta. Hori gutxi ez balitz, aurreko hiru norgehiagoketan Tolosarrek ez zuten aurkariei irabazteko nahikoa meritu egin eta beraz, garaipena lortzeko irrikitan zeuden.
Eta hori zelaian nabaritu zen. Pixkanaka pixkanaka, partiduei, errotazioei, bakoitzaren lanari eta esfortzuari neurria hartzen ari direla nabari da eta denboraldia aurrera doan heinean geroz eta erosoago jokatzen dute gure mutilek. Hasieran duda mudatan aritu ziren arren, atzean arreta behar zen estimuluetan jartzea eta ipurdia pixka bat jaistea nahikoa izan ziren erasoan aukerak sortzen hasi eta markagailuari buelta ematen hasteko.
Bigarren laurdenaren amaierarako aurretik ziren gure mutilak, 2 puntuz bazen ere, eta azken minutuetako jokoan nagusi zirela erakutsita gainera. Hirugarren laurdenean, gauzek aldatu ordez, hobera egin zuten. Landu gabeko jaurtiketa batzuk alde batera utzita, orokorrean atzean lan serioa egin zuten eta aurrean ere baloia mugitzeko eta elkarri laguntzeko nahikoa pazientzia eta gaitasun erakutsi zuten.
Laugarren laurdenean, aurkariek erritmoa areagotu zuten eta Tolosarrek galduriko baloi batzuei eskerrak markagailuan gerturatzea lortu zuten arren, etxean geratu zen azkenean partida. Taldearen heldutasuna erakusten duen partida dudarik gabe. Jokalari guztiek nahi dute zer edo zer eskaini eta horren fruituak ikusi daitezke partidetan. Galde diezaietela Ekaitzi eta Iker Urkizuri. Pozik egoteko moduan gara mutilak!
Hori bai, Final Fourra beste zerbait izango da, orain artekoa baino askoz ere polittagoa, baina baita biziagoa ere, intentsuagoa, EDERRA!

menu
menu