Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

GERTU DIRA OPORRAK…

Bergara K.E. 46 – Take Oria Electricidad 60

Garaipena erdietsi zuten kadete mutilek joan zen larunbatean Bergaran. Partiduaren denbora gehiena berdinduta joan bazen ere hirugarren laurdeneko 7-27 partzialak erabakita utzi zuen norgehiagoka. Atsedenaldira arte, etxekoak aurretik joan ziren joko bizia eta ausarta erakutsiz, baina atsenalditik bueltan gureak nagusi izan ziren erasoan zein defentsan. Azken laurdenean besoak jaitsi ez bazituzten ere etxekoak zapore onez bukatu nahi izan zuten partidua, baina gureek oso ondo kudeatu zuten errenta zapore gozoz bueltatzeko etxera.

Eta partiduaren gozotasunera gehitu zirenak kiroldegi atean ateratzean bildu ziren milaka eta milaka erleak izan ziren. Badirudi erregin erlea bertako leiho batean kokatu zela, eta beste erle guztiak erakarri zituela. Batek baino gehiagok susto ederra hartu bazuen ere hortan geratu zen eta ertzaintzakoak erlezainari hots egin zioten, nahiz eta gu erlezaina etorri aurretik joan ginen, espero dugu honezkero dena konponduta izatea.

Denboraldia eta denboraldi osteko txapelketa pasa den larunbatean amaitu bazuten ere, Take Oria Electricidadekoak ez daude oporretan oraindik, partidu zailenetan sartuta daude buru belarri, ikasturte amaierako azterketak. Datozen bi edo hiru asteetan buru belarri jardun beharko dira norgehiagoka hauetatik irabazle ateratzeko eta bitartean denboraldi guztian zehar kantxan islatu dutena egin beharko dute , LANA!

Ziur gaude denek beren helburuak lortuko dituztela udara bikain bat igarotze aldera, horregatik hemendik gure indar guztiak bidali nahi dizkiegu, ANIMO MUTILAK EUTSI HORRI!

1,2,3…TAKE!

menu
menu