Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Amaiera bikaina!

TAKE Aralar Kirolak-eko kadete neskek garaipenarekin bukatu dute, denboraldi zaila izan ondoren.

Ostirala eta denboraldiko azken neurketa zuten neska tolosarrek, etxean. Aurkaria BERA-BERA Gros zen eta taldeak 8 jokalarirekin ekiten zion neurketari, Leirerena eta gainontzeko ohiko bajak zirela eta.

Hasiera ezin hobea izan zen etxekoen partetik, 8-0 partziala lortu baitzuten 3 minututan. Lehen minutu hauetan oso ondo menperatu zuten defentsako errebotea eta hainbat baloi lapurtu zituzten, kontraerasoen bidez puntuak pilatu zituzten bitartean. Minutuak pasa ahala, ordea, donostiarrak partidan sartzen joan ziren eta laurdena tolosarren aldeko 20-17 batekin amaitu zen.

Bigarren laurdenean ez zituzten hain minutu onak jokatu etxekoek. Paseetan akats asko egiten hasi eta aurkarien presioa bakoitzak bere modura gainditu nahi izan zuen, eta horrek ez du emaitza onik ekartzen inoiz. Saskira begira ere ez zuten jakin espazioak aprobetxatzen eta jokoa irakurtzen, eta oraingoan BERA-BERAkoak zeuden 23-25 aurretik.

Atsedena behar zuten neskek, eta arnasa hartu eta lehen laurdenean ondo egin ziren gauzak berreskuratuz, gogoz ekin zioten 3. laurdenari. Aurkariak utzitako hutsuneak orain saskia erasotzeko bikain erabili zituzten eta zuzenean erasotzeko aukerarik ez zegoenean baloia mugitu zuten jaurtiketa on bat aurkitu arte. Aurkariei falta mordoa atera zizkieten eta jaurtiketa libreetan ere fin ibili ziren. Defentsako lanean ere sendo jardun zen taldea eta azken laurdenari ekiteko 41-35 markagailua jartzea lortu zuten.

Denbora kudeatzea eta defentsako lana ziren biziki garrantzitsuak orain, eta patxada eta aukera errazak aurkitzen jakin zuten neskek. Haiek estutzen zuten momentuan lasaitasuna mantendu eta pazientziaz jolastu zuten. Berriro tiro aukeraketa onak eginez eta errebotea zainduz, aurkariek 2 puntu erremontatzea lortu zuten soilik, beraz, 49-45 eta garaipena guretzat. Denboraldia bukatzeko modu ezin hobea izan da hau, merezita neskak!

Urte zaila izan da taldearentzat, lehen aldiz errendimenduan jolastu behar izateaz gain, lesionatu (lesio larriekin, gainera) zerrenda amaigabea izan dugulako urte hasieratik, eta horrek, noski, taldeari ez dio mesederik egiten. Lerro hauek idazten dituen entrenatzailearentzat ere orain arte izan duen denboraldi zailena izan da, dudarik gabe, baina beti giro ona mantendu eta entrenamenduetan gogor saiatzen jarraitzeari esker, denon artean denboraldia hobekuntza handiarekin amaitzea lortu dugu.

Entrenatzaileok eskertu nahi dugu ere jokalari askok entrenamendu orduetaz kanpo hobetzen jarraitzeko sartutako ordu kopurua, entrenamendu fisiko eta asteburuetako teknifikazioetan, oso estimatua izan da! Eta noski, ezin azken kronika amaitu denbora luzez lesionatuta egon arren astebururo animatzera etorri zareten taldekideoi eskerrak eman gabe! Seguru gaude datorren urteetan saskibaloiaz asko gozatzen jarraituko duen eta garaipen asko lortuko dituen taldea izango dela, kirol honetara jolasteko gogoa eta giro ona mantenduz gero!

UDARA ONA IZAN ETA SEGI SASKIBALOIAZ DISFRUTATZEN, NESKAK!

1,2,3…TAKE!

menu
menu