Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Bigarren zatia soberan izan dute

Junior mutilei beste lezio bat eman zien saskibaloiak larunbatean jokaturiko partiduan

Ezinhobeto hasi zen partidu bat, kontrako emaitzarekin amaitu zen larunbatean. Easo C. Okeletxe zuten aurkari TAKE Tolosako junior mutilek, eta lehen itzulian partida irabaztea lortu bazuten ere, bazekiten ez zela lan erraza izango. Ez dago aurkari errazik errendimendu mailan eta ezinbestekoa izan ohi da oinarrizko maila bat erakustea.

Lehen laurdenean taldeak oinarrizko maila honetatik oso urrun jokatu zuen, onerako. Atzean ez zen zirrikiturik ikusten eta defentsa onak aprobetxatuta, ziztu bizian irteten ziren kontraerasoan. Horri esker, 9-19koa zen lehen laurdenaren amaieran emaitza.

Bigarren laurdenean gauzak okertzen hasi ziren pixkanaka. Markagailuan aldea mantentzea lortu bazuten ere, atzeko gogortasuna ez zen berdina. Aurkariek jaurtiketa errazak egiteko aukera izan zuten eta horri esker, 14 puntu sartu zituzten laurden honetan. Tolosarrek, partida hautsi beharrean, gogortasuna zertxobait jaitsi eta hegoak eman zizkien aurkariei. Sentsazio onak izaten uzten bazaie aurkariei, hauek gero joko hobea egiteko aukerak areagotzen dira.

Hirugarren laurdenaren hasieran ordea, oso puntu izan ziren Tolosarren mesederako. 25. minutuan 24-36koa zen markagailua gure mutilen alde. Hortik aurrera, agur. Aurkarien zonakako defentsaren aurka nola erasotu ez zuten asmatu eta okerragoa dena, gauza bat gaizki egiten zutela ikusita, ondoko guztiak ez zaintzen hasi ziren. Gaizki erasotu daiteke, baina horregatik ezin da defentsako balantzea, errebotea edota 1x1eko defentsa alde batera utzi. Sekulako tristura.

Partiduko azken 15 minutuetan 44 puntu jaso zituen taldeak. Baloia jaso bezain pronto bandako marratik kanpo jaurti eta defendatzen gogor jarrita, ez lituzkete hainbeste puntu jasoko horren denbora gutxian. Horren ordez baina, erasoan baloiak galdu eta atzera korri egiteari uko egin zioten. Partidari emozioa eman nahi ziela zirudien. Eta aurkariak hasi egin ziren. Talde landua da Donostiarrena, kalitatea duten hiruzpalau jokalarirekin. Taldeak ordea, ez zuen behar zuen garaian aurkaria zapaltzea lortu. Eta garesti ordaindu zuten.

Ez da bigarren fasearen hasiera txukuna izan emaitza aldetik, baina entrenamenduetan serio demonio jarraitzen dute gure mutilek. Konfidantza eta erritmoa areagotzea, hori izango da datorren asteetako helburua. Izan ere, badute zer hobetua eta.

Zorte on azterketetan mutilek! Gogoratu, hobea dela egitea, egin behar dela pentsatzen ibiltzea baino.

menu
menu