Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Bigarren zatiak, zertarako?

Redline Mekanika taldeko junior neskek, bigarren zatiko aurkako partzial batengatik galdu zuten Hondarribian

Entrenamenduetan emandako aurrerapausoa nabaria da, bai taldeak eta baita jokalariek banan bana hartuta ere. Batzuk oso maila onean ari dira, beste batzuk oraindik hobean. Erritmoa orokorrean, altua izan ohi da beti, eta izatekotan, saskirako bidea aurkitzerako garaian izaten dituzte arazo gehien gure neskek.
Larunbateko lehen zatian, arazo hori ez zen arazo izan. 12 puntu lortu zituen taldeak lehen laurdenean, Irune eta Leyre Jauregiren artean banatuak guztiak, baina atzetik taldekide askoren lanarekin. Aipatzekoa adibidez, Lucia, Maddi eta Naroak lehen minutuetan atzean eginiko lan ikusgarria. Ez ziren laguntzetara iristen eta kitto. Defentsa askoz haratago zihoan eta aurkariei arazoak jartzen zizkieten baloiarekin zer egin erabakitzeko garaian. Aulkitik atera ziren jokalari guztiak ere ez ziren atzean geratu lan honetan eta esfortzu bikain honek bere fruituak eman zituen. 14-20 aurretik atsedenaldira.
Hirugarren laurdenak bide beretik ekin zion, Luciaren saskiratze baten eta Leyre Jauregiren bi jaurtiketa libreren ondoren ordea, gure nesken lehortea etorri zen. 9 minutuz ez zuten saskiratzerik lortu eta aurkariek 15-0eko partziala egin zuten tarte honetan. 31-25 markagailuan eta gauzak oraindik erabakitzeke partidua amaitzeko 5 minutu faltan. Gure neskak saiatu ziren hortzak erakusten aurkariei, atzeko lanean berriz ere fin arituz, baina aurrean ezin asmatuak ez zien lagundu lan horretan. Partida 43-34 amaitu zen Hondarribiatarren alde.
Lehen fasea ez da oraindik amaitu eta aurtengo denboraldian eman duten aurrerapausoa ikusita, ez dugu pentsatu ere egin nahi denboraldi amaierarako zein joko maila izan dezaketen gure neskek. Beraz, ez galdu aukera eta eman gogor!

menu
menu