Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Historiako lehen garaipena Errioxan!!!!

Harro egoteko moduko partidua egin ez zuten arren, garrantzitsuena behintzat lortu zuten, garaipena: 56-85. Markagailuko aldeak aukera eman zien gutxien jokatzen dutenei minutu askotan kantxan izateko.

Klubaren historian begirada bat botaz gero, orainarte garaipenik lortu gabe zegoen TAKE Errioxa aldean. Oraingo honetan lortu zuten baina horretan zeresan haundia izan zuen aurkariaren egoerak. Partidura sei jokalari bakarrik agertu ziren eta atsedenaldian bostekin geratu ziren euretako batek izandako lesioarengatik.

Tolosarren aldetik bederatzi izan ziren Harora joan ziren jokalariak. Bidaiatu ez zutenak Kike, Iñigo (aurreko partiduan jasandako lesio batengatik), Alberto eta Asier izan ziren. Taldearekin batera, jokalari ohi bat ere joan zen taldeari animoak ematera: Iker Otaño, kronika honen erredakzioan zeresan haundia izan duena.

Partidua nahiko motel hasi zen bi taldeen aldetik. Eurek gutxi ziren aitzakiarekin gureak ere erdi lokartuta ibili ziren eta Fernando izan zen partidu hasiera honetan gogotsu agertu zen jokalari bakarretakoa. Beraien aukera bakarra hiruko jaurtiketetan zegoen eta ez ziren oso fin ibili. Halere, tolosarrek huts egindako sarrera batzuengatik eta defentsan motel ibiltzeagatik, markagailua berdinduta iritsi ziren lehen laurdeneko amaierara: 16-18.

Bigarren laurdena bide beretik hasi zen. Motel atzean eta aurrean ezin asmatuz. Epaileek ere ez zituzten falta ugari pitatu (beraiek bost jokalarirekin geratu zirela kontutan hartuta) eta horrek gureetako bat baino gehiago desesperarazi zuen. Laurdena aurrera joan zen heinean, defentsako intentsitatea haundituz joan zen eta kontraerasoetan ateratzeko aukera eman zien tolosarrei. Atal honetan Haritz fin ibili zen (laurden honetan 13 puntu) eta Gazteren hiruko bati esker aldeak haundituz joan ziren. Horrela, atsedenaldira partidua erabakita iritsi ziren: 24-44.

Anekdota atsedenaldian ikusi zuen gure kronistak. Polikiroldegiaren sarreran abixu bat jarria zegoen: "Queda prohibido beber bebidas alcohólicas excepto refrescos y agua". No comment.

Partidua erabakita zegoela ikusirik, Jimyk aukera eman nahi izan zien gutxien jokatzen dutenei eta horrela hirugarren laurden honetan Jon oso fin ibili zen saskipean baloi bat baino gehiago saskiratuz. Beraiek hirukoekin saiatu ziren, baina ez zuten nahi zuten helburua lortu. Alde batean eta bestean saskiratzeak izan ziren eta laurdena 38-67 emaitzarekin amaitu zen.

Azken laurdena alferrik jokatu zutela esan liteke. Amaierako aldea bere horretan geratu zen (29 puntu). Laurden honetan Gazte nahiko fin ibili zen, lau asistentzia banatuz. Horren arrazoia harmailetan bere gurasoak zeudela izan liteke baina baita neskatxa ugari ere. Partidu amaiera bakoitzak bere aldetik egin nahi izan zuen eta horretan Fernando nabarmendu beharra dago. Espero dezagun partidu horretako kontua bakarrik izango dela, saskibaloia talde kirol bat baita eta ez banaka jokatu beharrekoa.

Beraz, partidu itxusia baina garaipena etxera: 56-85.

Partzialak: 16-18; 24-44; 38-67; 56-85

TAKE: Mikel Ibañez (2), Iñaki (8), Fernando (23), Haritz (17), Ioseba (6) - hasierako bostekoa - Ander (5), Gazte (7), Ion (10), Kaiet (7)

Hurrengo partidua etxean jokatuko dute, Urriak 8-an arratsaldeko 18:00-etan Salleko talde bizkaitarraren aurka.

menu
menu