Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Gasteizko garaipenarekin bigarren amaitu du lehen

Partida irregular batean bi puntugatik garaipena lortu zuten tolosarrek (61-63). Hasiera eta amaiera txarrak izan ziren, baina bigarren eta hirugarren laurdenetako lanak garaipena eman zien.

Ez zen partida polita izan larunbat arratsaldean Gasteiz-en ikusi ahal izan genuena. Jokoan asko zegoela kontutan harturik, bi taldeak nahiko urduri zelairatu ziren eta etxekoak izateko abantaila baliatu zuten gasteiztarrek markagailuan lehen aldeak lortzeko. Bi hiruko lortuta sei puntuko errenta lortu zuten (10-4). Halere, lehen laurdenaren amaierara hiru puntuko desabantailarekin soilik iritsi ziren tolosarrak.

Gauzak horrela, okerrago ezin zela jokatu garbi zuten Jimy-ren mutilek eta bigarren zatian esnatuago irten ziren, Kike-ren salbuespenarekin. Joaneko bidaian "Home English"-en bidez ikasketak egiten aritu zen eta nekatu xamar iritsi zen partidara, larunbat edo igandea zen ez zekiela. Laurden honetan erasoak defentsak baino hobeto ibili ziren eta partziala 15-23 amaitu zen. Gasteiztarren piboten gaineko defentsa igo egin zen eta horrek zenbait baloi lapurtu eta kontraerasoetan irtetea ekarri zuen. Jaurtiketa libreetan ere lehen laurdenean baino hobeto ibili ziren eta 13-tik 11 sartuta bost puntuko errenta lortu zuten (26-31).

Atsedenalditik itzulera ohi duten bezain kontzentraturik egin zuten. 5-13-ko partzial batekin partidako alderik handiena lortu zuten, 13 puntukoa hain zuzen ere (31-44). Gasteiztarrek, hala ere, ez zuten partidatik alde egin nahi eta 10-2-ko partzial batekin bost puntura gerturatu ziren (41-46). Hortik laurden amaierara batzuk eta besteek saskiraketak lortu zituzten eta 43-52 iritsi ziren azken hamar minutuetara.

Unibertsitateko gazteek ahal zuten guztia egin zuten azken laurdenean. Tolosarrek jaurtiketa libreetako portzentaia jaitsi zuten minutu hauetan (10-etik 5 bakarra sartu zituzten) eta garaipena arriskuan jarri zuten. Azken 10 segunduetan hiru aukera izan zituzten gasteiztarrek, hiruko bat lehenik eta bi puntuko bi jaurtiketa gero, baina ez zuten asmatu eta garaipena bisitariek lortu zuten.

Harmailetan, zin egindako afariaren prestaketak egiten aritu ziren klubeko lehendakari jauna eta logistika arduraduna. Lehenak afaria prestatuko zuela zin egin zuen eta bigarrenak zerbitzari lanak. Orain eguna jartzea besterik ez da geratzen, menua nahiko erabakita utzi bait zuten laurdenen arteko minutuetan.

Garaipen honekin eta La Salle-ren porrotarekin bigarren postuan bakarrean amaituko dute lehen itzulia. 11 garaipen eta 4 porroteko balantzearekin aukera handiak dituzte, berdin jarraituz gero, mailaz igotzea lortzeko. Halere, bi taldek bakarrik dute aukera zuzenean igotzeko, hirugarrenak itxaron egin beharko bait du goiko mailatik zeintzuk jaisten diren ikusi arte.

Bigarren itzulia etxetik kanpo hasiko dute tolosarrek, Getxo-n hain zuzen ere, bertako Sotojeans taldearen aurka jokatzeko datorren larunbat iluntzeko 20:00-etatik aurrera. Esan gabe doa, garaipen batek zenbaterainoko garrantzia izango lukeen.

Partzialak: 11-8; 26-31; 43-52; 61-63.

UPV Alava (11+15+17+18): Perez de Arrilucea (7), Carrera (2), Guinea (11), Peña (9), Moracho (2) - hasierako bostekoa - Saez de Ocariz (0), Briones (9), Alberdi (5), Arregui (13), Arrue (0) eta Garmendia (3).

Tolosa Aralar (8+23+21+11): Mikel Txiki (0), Martia (2), Fernando (4), Haritz (11), Kaiet (16) - hasierako bostekoa - Kike (1), Goar (21), Alberto (0), Iñigo (3) eta Ion (5).

menu
menu