Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Tolosa C.F.-Aralar Kirolak sendo eta indartsu

Zallako Bidegintzaren aurka beste garaipen bat erdietsi zuen (bosgarrena jarraian etxetik at) eta bigarren postuan dihardu, igoera lortzeko aukera handiekin.

Igoera lortzeko beste garaipen garrantzitsua Tolosa C.F.-Aralar Kirolak-ek Zallan lortu zuena, Bidegintzaren aurka 63-85. Bizkaitarrak oso indartsu agertu dira denboraldi osoan bere kantxan, harmailetan jendeak zarata asko atera eta epaileei presio haundia eraginez.

Gauzak horrela, tolosarrek nahiko ondo ekin zioten partidari lehen laurdenean. Aurkariak ere oso fin ibili ziren eta parekatua suertatu zen partida lehen minutu hauetan, 16-17 lehen laurdenaren amaieran.

Bigarren laurdenean bizkaitarrak partida hausteko zorian egon ziren, atsedenaldirako 5 minutu falta zirela 33-22-ko aldearekin jarri bait ziren. Botatzen zuten guztia sartzen zuten eta tolosarrak ez ziren fin ibili ez defentsan ezta erasoan ere. Defentsa estutu eta atsedenaldira 35-32-ko markagailuarekin joatea lortu zuten tolosarrek.

Hirugarren laurdena izan zen partidako momentu erabakigarriena. Tolosarrek kategoriako defentsa onena dutela erakutsi zuten eta erasoan gauzak errex eginez 43-53 jarri zuten markagailua. Momentu txarrak ziren bizkaitarrentzat eta nahiko urduri jarri ziren. Horren ondorioz, epaileen erabaki guztiak protestatzen hasi ziren eta joera lotsagarria azaldu zuten bai jokalariek, bai entrenatzaileak eta baita hara hurbildu zen jendetzak. Epaileak ez ziren kokildu eta teknikak pitatu zituzten bat bestearen atzetik.

Azkeneko laurdena horrela igaro zen, tolosarrek jaurtiketa libre asko botaz (guztira 6 teknika eta deskalifikante bat erori zitzaizkien) eta partida lehen bait lehen bukatzeko gogoarekin. Aldea 20 puntutaraino joan zen eta bukaera lasaia izan zuten jokalariek markagailu aldetik.

Partida bukatu zenean, epaileek Bidegintzako 4 jokalariri fitxa kendu zieten, aspaldian ikusi dugun iskanbila handiena sortuz.

Tolosa C.F.-Aralar Kirolak-en aldetik azpimarratu behar da Mikel “Txiki” Ibáñez-en partida: taldea oso ondo mugitu zuen, asistentzi asko banatu zituen eta defentsan primeran ibili zen laguntza onak eginez eta baloi asko lapurtuz. Beste aldetik, kezkagarria da Haritz Arana-ren ekoizpena: kalitatezko jokalaria da, baina oso urte kaxkarra sinatzen ari da. Askoz gehiago egin dezake eta ea bere burua argitzen duen behingoz eta barruan daraman saskibaloia ateratzen duen. Taldeak ederki eskertuko luke.

Partzialak: 16-17; 35-32; 43-53; 63-85.

Bidegintza (16+19+8+20): Sexto (11), Inchaurraga (12), Santamaría (7), Bello (12), Igor Lezama (8) - hasierako bostekoa - Ugarte (2), Ruiz (3) eta Iker Lezama (8).

Tolosa C.F.-Aralar Kirolak (17+15+21+32): Mikel Txiki (5), Martia (8), Fernando (19), Haritz (5), Kaiet (14) - hasierako bostekoa - Goar (25), Alberto (0), Iñigo (2) eta Ion (7).

Tolosa C.F.-Aralar Kirolak-en hurrengo partida larunbat honetan arratsaldeko 16:00-etan izango da, Usabalen, Laudioko Sugarrak taldearen aurka. Igoera gero eta hurbilago dago eta garaipena ezinbestekoa da helburu hau lortzeko. Animo mutilak!!!

menu
menu