Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Beste garaipen bat eta lidergoan da jada Tolosa Ar

Goierri Verkol-en porrota bikain baliatu zuen sailkapenean aurrea hartu eta lehendabiziko postua erdiesteko. Zazpi jardunaldiren faltan, igoera ziurtatu eta lehen postuaren bila joatea dute helburu tolosarrek.

Egoera ezin hobean iritsi da Tolosa Aralar Aste Santuko oporretara, lidergoan hain zuzen ere. Goierri Verkol-en porrota bikain baliatuz, lehen postua lortu du 23. jardunaldiaren amaieran.

Laudioko Sugarrak taldearen aurka jokatu zuen pasa den larunbat arratsaldean Usabalen. Norgehiagoka ez jokatzeko zorian izan ziren, kanpotarrak oso berandu iritsi bait ziren Tolosara, partida hasteko pare bat minutu exkax geratzen zirenean. Epaileek, egoera ulertuta, ordu laurdenez berotzeko aukera eman zieten arabarrei.

Halere, partida hasi eta berehala garbi geratu zen tarte hori ez zutela nahikoa izan ondo berotzeko, lehen zatiaren amaieran ikusi ahal izan genuenez (atsedenaldiko emaitza 34-14). Tolosarrak defentsan sendo eta erasoan gauzak erraz eginez aritu ziren, nahiz eta batenbat aurkariarekin zorretan zegoela zirudien.

Atsedenalditik aurrera, gauzak erabat aldatu ziren. Hogei puntuko errenta ia erabat xahutzea lortu zuten laudiotarrek, batik bat, Tolosako hegaleko jokalariek eginiko defentsa exkaxagatik, horri defentsa deitzerik badago behintzat. Calvo arabarrak nahi zuen guztia egin ahal izan zuen minutu horietan eta partida amaierara hogei puntu sartuta eta asistentzia ugari emanda iritsi zen.

Kanpotarrak gehien hurbildu ziren unea 56-53-koan etorri zen, neurketa amaitzeko lau minutaren faltan. Tolosarrak konturatu ziren partida ezin zutela galtzen utzi eta hortzak estutu eta erasoan zertxobait asmatuz aldeak zabaltzea lortu zuten, azkenean 13 puntuko errenta lortuz (72-59).

Emaitza honekin eta lidergoan zen Goierri Verkol-ek Gasteizen zuen neurketa galdu zuenez, interautonomika mailako lider berria Tolosa Aralar da. Ez du erraza izango postua mantentzea jarraian datozen aurkariak ikusita, baina helburu nagusia mailaz igotzea dela kontutan hartuta, lau partidako aldea du zazpi jardunaldiren faltan.

Datorren astebukaeran atsedenaldia izango dute, Aste Santuko oporrak direla eta. Hurrengo jardunaldia Apirilak 14-an izango da, Sestao-ra egingo duten bidaian.

Partzialak: 18-8; 34-14; 54-42; 72-59.

Tolosa Aralar (18+16+20+18): Iñigo (0), Mikel Txiki (1), Fernando (10), Haritz (11), Kaiet (12) – hasierako bostekoa – Kike (12), Goar (16), Martia (2), Alberto (0) eta Ion (8).

Laudioko Sugarrak (8+6+28+17): Olabarria (7), Ortuzar (10), Calvo (20), Hernandez (14), Goikoetxea (8) – hasierako bostekoa – Galindez (0), Aranzubia (0), Etxebarria (0) eta Urkijo (0).

menu
menu