Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Beste denboraldi bat saskibaloia sustatuz

Kirola Ikasturte amaierako emaitzetan Take Aralarrek oso ongi altua lortu du, eta pixkanaka Tolosako kirolean ari da finkatzen. (Harriet Belloso - Tolosaldeko Hitza 2008/07/27)

Denboraldia amaitzen denean hausnarketak eta balorazioak egiteko momentua iristen da. Take-ko kideek urte asko daramatzate Tolosaldean saskibaloia indartzen eta sustatzen eta kurtso amaierako emaitzak iristean beti emaitza paregabeak lortzen dituzte. 2007-2008 denboraldia oso onuragarria izan da elkartearentzat, eta apurka-apurka Tolosan finkatzen ari direla esan daiteke.

Seniorren sufrimendua

Hala ere, elkarteko taldeen denboraldia oso desberdina izan da. Pasa den urtean igoera lortu ondoren, senior taldeak «ilusio handiarekin» hasi zuen lehen maila nazionaleko abentura. «Hasieratik mailari eustea izan da helburua, eta nahiz eta ezaugarri nagusia sufrimendua izan den, datorren urtean kategoria berdinean jokatuko dute», diote Takekoek. Urtean zehar zortea ez da tolosarren alde egon eta jokalari garrantzitsuenak lesio ugari izan dituzte. Azken norgehiagoketan antzinako joko trebea erakutsi zuten eta zaleen laguntza garrantzitsuarekin urte hasierako helburua bete zuten.

Senior taldean belaunaldi aldaketa oso gertu dago. Elkartean aldaketak egiteko momentua iritsi dela uste dute, baina datorren denboraldian multzoa mantentzea erabaki dute. «Taldeko izen garrantzitsuek urte asko dituzte ( Kike, Goar, Kaiet...) eta irailean hasiko den denboraldia beraien azkenekoa izan daiteke kolore urdinak defendatzen. Jokalari gazteak kalitatezko minutu asko eduki dituzte baina agian esperientzia gehiago behar dute taldea bere gain hartzeko».

2009-2010 denboraldia iraultza urtea izan daiteke taldearentzat. Orain jubenil mailan jokatzen duten jokalariak senior mailara pasako dira eta taldea gazteez beteko da. Lehenengo urteak seguruenik «oso gogorrak» izango dira eta nahiz eta maila galdu, esperientzia bereganatzea izango da helburu nagusia.

Harrobi indartsua

Take elkartearentzat harrobia oso garrantzitsua da eta horregatik urtero talde berriak eratzen saiatzen dira. Atzean utzi dugun denboraldian zortzi talde egon dira infantil, alebin eta jubenil mailetan banatuta eta datozen urteetan kopuru hori handitu egin nahi dute. Egun 110 kirolari daude klubaren organigraman eta honek oihartzun nabaria izan du herrian. Gurasoak elkartea ezagutzen ari dira eta umeen kirola aukeratzeko momentuan saskibaloia ere bere lekua ari da hartzen .

Tolosako gazteekin lan egiteaz gain, azken bi denboraldietan elkartea Villabonako talde batekin aritu da lanean. Ekainean bi kluben arteko elkarlan hitzarmena amaitu zen eta tamalez talde honen etorkizuna zalantzagarria da. Datozen asteetan Villabonan arreta asko sortu duen talde honen etorkizuna erabakiko dute.

Bestalde, nesken taldeak izan dira urte honetako sorpresa atsegina. Beraien lehenengo urtea izateko oso maila polita erakutsi dute eta orokorrean jendea oso pozik amaitu du esperientziarekin. Neskak «oso gustura» aritu dira denboraldiaren zehar eta gainera hasieran uste zutena baina partida gehiago irabazi dituzte. Talde hauen esperientziak eragin handia izan du Tolosako nesken artean eta datorren urtean beste bi talde gehiago sortzeko asmoa dago. Orain arte futbola zen neskentzako zegoen talde kirol bakarra, baina saskibaloiaren agerpen eta arrakastarekin egoera aldatu egin da. Hirukide ikastetxearekin harremanetan egon dira eta azkenaldian neska askok jolasteko asmoa erakutsi dute.

Arazo nagusiena instalakuntzen aldetik dator. Elkartearen barnean talde asko daude eta jende berria etortzen bada Usabalgo kiroldegian ez da tokirik egongo denentzako. Udalarekin bilera bat egin zen arazo honi irtenbide bat emateko baina bi aldeentzat onuragarria izango den soluzioa oraindik urrun dago.

Etorkizunera begira

Zuzendaritzako kideek ez dute oporrik hartu eta ekainean denboraldi berria antolatzen hasi ziren. Abuztu amaieran aurredenboraldia hasiko da eta egun hori iristen denean guztiak prest egon behar du. Talde bezala hedatzea izango da helburu nagusiena, nesken aldeko apustuari garrantzia handiagoa emanez.

Heziketa ere etorkizuneko ezaugarri garrantzitsuenetariko bat izango del diote. Jokalariek goi-mailako heziketa izatea da helburua eta horregatik titulazioak dituzten entrenatzaileak izango dira taldeak zuzenduko dituztenak. «Beraiek ere elkarteko zati baliotsua dira eta azken urteetan entrenatzaile hasiberri askok beraien lehenengo taldea zuzentzeko aukera izan dute».

Harrobiko taldeek helburu desberdinak izango dituzte ordea. «Junior taldeak bere gorakadarekin jarraitu behar du eta aurten Euskal Ligan jokatzeko aukerak izango ditu». Elkartean oso ilusionatuta daude talde honekin eta «denboraldiaren zehar jokalariek asko borrokatzen badute arrakasta garrantzitsuak lor ditzakete». Kadete mailako neskak lehen mailan ariko dira eta jokalariak «oso gogotsu» daude erronka honekin. «Helburu nagusia kategoriari eustea izango da baina lortzen ez bada ez da porrota izango». Beste talde guztiak bigarren mailan ariko dira, presiorik gabe eta gauza berriak ikasteko helburuarekin.

Datorren hamarkadarako asmo handiko proiektuak dituzte, adibidez, kategoria guztietan nesken eta mutilen bi talde egotea. Azken urteetako dinamikarekin jarraitzen badute Take Gipuzkoako elkarte garrantzitsuenetariko batean bihurtu daiteke eta hori txalogarria da duela urte gutxi hasi zen klub batentzat.

Rosasen jokatzen

Takeko jokalariak ekaina amaieran Rosasen (Katalunia) ospatutako nazioarteko txapelketan parte hartu zuten. Talde bezala lehenengo irteera izan da eta guztiak «oso pozik» itzuli ziren esperientziarekin. Lau egunetan Espainiako eta Europako talde garrantzitsuen aurka aritu ziren eta «nahiz eta garaipenik ez lortu, klubeko kideen arteko adiskidetasuna oso indartuta atera zen».

menu
menu