Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Tolosako 3x3-a arrakastatsua izan zen beste behing

Pasa den Ekainak 13-an, urtero bezala, Tolosako XI Street Basket txapelketa ospatu zen. Goizean, alebin eta infantilak aritu ziren nor baino nor, Gernikako Arbola plazan eta arratsaldean berriz, txapelketa San Frantzisko ibiltokira bueltatu zen, bertan koadrilen arteko partiduak jokatuz.

Urtero gertatu ohi den bezala, txapelketa oso arrakastatsua izan da aurten ere, bai partehartzaileen aldetik eta nola ez ikusleen aldetik ere.

Goizean, gaztetxoenek argi utzi zuten azken urteetan Tolosako saskibaloia jasaten ari den hazkundea etengabea dela eta kirol hau geroz eta nabariagoa dela gazteen artean. Aipatu bezala, goizean bi maila izan ziren, alebin eta infantilena. Goizeko 9:00-etan hasi eta 13:00-ak arte jo eta su aritu ziren neska-mutilak ikusleen gozamenerako.

Lehia oso gogorra izan zen, eta nahiz eta talde batek baino gehiagok merezi arratsaldean ospatu ziren finaletan egotea, azkenean sari hau alebin mailan LAGUNEK eta LOS LAKERS taldeek eta infantil mailan LAUKOTE DUNK´S eta ZAST TALDEA-k lortu zuten. Finalak, esan bezala, arratsaldean izan ziren eta azkenean, LAUKOTE DUNK´S suertatu zen garaile infantil mailan eta LAGUNEK alebinetan, maila bikaina erakutsiz.

Arratsaldean berriz, koadrilentzat izan zen txanda. 30 talde bildu ziren, gazte eta jada horren gazte ez direnez osatuak. Azken urteetan gertatu den bezala, Tolosako koadrilen partehartzea oso handia izan zen, txapelketa geroz eta erakargarriagoa eta herrikoiagoa bihurtuz. Eguzkia lagun zutela, oraintsu saskibaloi munduan hasi diren gazteek eta aspaldian saskibaloi kantxak utziak zituztela uste genuenek, erakustaldi polita eman zuten, arratsaldeko 16:00-etatik 21:00-etara.

Aipatu, finalerdien aurretik BERA BERA saskibaloi taldekoek emaniko erakustaldi polita, argi eta garbi erakutsiz kirol egokituak ere izan dezakeela lekua horrelako ekintzetan. Lehen aldia zen horrelako zerbait egiten zela eta ikusleen erantzuna ikusirik, ea hasiera besterik ez den eta aurrerantzean honelako ekintza gehiago ikusten diren, pena merezi dute eta.

Finalerdiei dagokienean berriz, azkenaldian gertatzen ari den bezala, lau taldeak tolosarrak izan ziren. Ohikoa izaten den bezala, nahiz eta denak lagun izan, guztiek nahi dute irabazi eta finalerdi hauek ere oso beroak eta emozioz beterikoak izan ziren. Azkenean finala, KOLDO Y LOS OTROS TRES eta EL QUE TUVO RETUVO taldeek jokatu zuten, duela urtebete bezala. Final oso lehiatu eta kalitate handikoa ikusi ahal izan zen eta ikusleek hau asko eskertu zuten. Hain estua izan zen ezen ia azken segundoan luzapenera joateko aukera izan zela. EL QUE TUVO RETUVO taldeko Goar jokalariak, azken momentuan hiruko bikain bat sartu zuen, partidua berdintzen zuena baina gutxigatik izan bazen ere, denboraz kanpo izan zen eta ez zen markagailura igo, honela txapelduna KOLDO Y LOS OTROS TRES taldea izanik.


Besterik gabe, eskertu txapelketa hau antolatzen lagundu duten babesle guztiei, sarietan parte hartu duten jatetxeei (CAFÉ FRONTON, BURRUNTZI, ORUE eta BETI-ALAI JATETXEAK), TOLOSAKO UDALARI, bai goiz eta bai arratsaldez etengabe lanean izan diren AIZORRATZ-VELETA elkartekoei, TAKE saskibaloi taldeko partaideei eta nola ez, taldeei animatzen eta txapelketa ikusten egon diren ikusle guztiei.

Besterik gabe, hurrengo urterarte. Eskerrik asko.

ALEBINAK

1. LAGUNEK
2. LOS LAKERS

INFANTILAK

1. LAUKOTE DUNK´S
2. ZAST TALDEA

KOADRILAK

1. KOLDO Y LOS OTROS TRES
2. EL QUE TUVO RETUVO
3. TXIST TXAST TXOST

3x3-ko Argazki Galeria

menu
menu