Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Beste garaipen bat gehiago

Beasaindarren aurrean tinko Take Montezkue

Kostata baina garaipena lortu zuten oraingoan ere TAKE Montezkue taldeko neskek, partidu hasiera kaxkar baten ondoren lan gogorra egitea tokatu bazitzaien ere.

Lehen laurdenaren hasieran beldurra zabaldu zen partidua ikustera hurbildu ziren zaleen artean, BKL-koek 2-12 eta 4-14 hartu baitzien aurrea gureei. Laurdena amaitzerako emaitza txukundu eta markagailuak 8-14 emaitza erakusten bazuen ere, sentsazioak ez ziren oso onak hamar minutu hauen amaieran.

Bigarren laurdenean laneko monoa jantzi zuten etxeko jokalariek eta defentsan lan bikaina eginez eta aurkariak erasoan ematen zituen aukera murritzak baliatuz, partidua berdintzea lortu zuten laurden honen amaierarako, 14-14 emaitzarekin.

Atsedenaldiaren ondoren lanerako gogoari eutsi zioten eta defentsan bigarren laurdenean eginiko lan ona errepikatu zuten, aurkariari minutu hauetan punturik sartzeko aukerarik eman gabe, erasoan asko asmatu ez bazuten ere. Hala eta guztiz ere, markagailuan aurrea hartu zuten laurdena amaitzerako.

Laugarren laurdenean beasaindarrak partidua gogortzen ahalegindu ziren, eta hauen kolpe ugariak jasan behar izan bazituzten ere, gure neskak ondo moldatu ziren egoera berri honetara, partiduaren errritmoa guztiz kontrolpean edukiz, amaierako emaitza 24-18 izan zelarik.

menu
menu