Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Etxeko bigarren partiduan lehen garaipena

Kadete mutilek Easo 97 taldearen aurka lortu zuten lehen garaipena

Azkeneko partiduan gertatu bezalaxe, asteburu honetan jokaturiko partidua ere benetan estua izan zen. Aurreko bi partiduetan bezalaxe ere, jarrera ona izan zuten gure mutilek orokorrean eta poztekoa izan zen harmailetan partidua jarraitzen horrenbeste jende ikustea.

Lehiaren berdintasunaren erakusgarri dugu taldeetako batek ere ez zuela lortu laurden bakar batean, 3 puntu baino gehiagoko errentagatik irabaztea. Lehen laurdenean kanpotarrak hasi ziren nagusi markagailuan: 12-13. Etxekoek erreboteko lanean behin eta berriz posizioa galtzearen ondorioz sekulako jaurtiketa pila burutzen zituzten Donostiarrek eta oso zaila egiten zitzaien Tolosarrei defentsako lana baliatuz kontraerasora ateratzea.

Bigarren laurdenak bide beretik jarraitu zuen. Errebotean ezintasunak, defentsako lanean agresibitate gutxi eta beraz, kontraerasoan ezin atera. Aurkariek saskiraketak lortzen zituzten aldiro presionatu egiten zuten eta honek arazoak sortzen zizkien Tolosarrei. Atsedenaldian: 27-31 kanpotarrak nagusi.

Hirugarren eta laugarren laurdenean eduki zituzten ere presiotik ateratzeko komeriak, baina ez horrenbeste. Alde batetik, presio hau nola saihestu asmatu zuten eta bestalde, defentsan gauzak zailduta, aurkariek ez zituzten horrenbeste jaurtiketa sartzen eta beraz, ezin zuten presionatu. Hirugarren laurdenean lehen aldiz irabazi zuten laurdena 12-10, baina hala ere atzetik markagailuan.

Laugarren laurdenaren hasieran defentsan estutuaz eta kontraerasoan ateratzeko ideiarekin jarraituaz, 12-2ko partziala egin zuten etxekoek markagailuan 8 puntu goitik jarrita. Hemendik aurrera ordea, beldurrak etorri ziren berriz ere eta aurkariek eginiko 1-8ko partzialarekin amaitu zen partidua. Tartean aurkariek partidua irabazteko hiruko bat eta berdintzeko bi jaurtiketa libre izan zituzten. Zorionez ez zuten asmatu.

Batzuetan alde batera joaten da eta besteetan bestera. Entrenamenduetan gozatzea eta gauza berriak ikasten joatea, hori da hobetzeko egin daitekeen gauzarik onena. AUPA MUTILAK!!

TAKE Tovar Iturgintza: Kongil 12, Ander 7, Jokin, Manex 2, Arru 3, Erro 2, Mattin 9, Deusto 11, Arregi 6.

Datu berezia: Oraingo honetan ez zen inor bidean galdu. Galtzekotan animalia batzuek galduko zuten bizitza, taldeko bi jokalari, ehizerako lizentzia atera nahian bait zebiltzan partidua jokatzen ari zen ordu berean. Zorionez Tolosatik urrun, Gasteizen.

menu
menu