Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Tolosako saskibaloiaren etorkizuna bermatzen du TAKE Super Ekok

Zazpi prestatzaile eta 55 gaztek parte hartzen dute astero eskolan (El Diario Vasco - 2013/04/03)

Azken urte hauetan Tolosako saskibaloiak ikaragarrizko indarra hartu du, eta hau ez da soilik jokalari zaharrenek egiten duten lanagatik gertatu. Izan ere, jada hiru urte pasa dira TAKE Super Eko Eskola martxan jarri zenetik. Eskola Tolosaldeako gaztetxoei bideratuta dago, nolabait saskibaloia gustatzen zaien eta kirol honi buruz zertxobait ikasi nahi duten gaztetxoei, alegia. Egun, 55 neska-mutil eta zazpi entrenatzailek osatzen dute eskola, bi alebin talde eta benjamin talde batean banatuta. Hauek ostiralero burutzen dituzte entrenamenduak, astero zerbait berria ikasteko asmotan. Gainera, ia astebururo partiduak jokatzen dituzte inguruko taldeen aurka, ikasten dutena praktikan jarriz. Horrela, txikitatik saskibaloiaz gozatzeko aukera izaten dute.

Tolosan nabaria zen saskibaloi eskolaren gabezia, jokalari asko txapelketako lehen urtean saskibaloiaz ezer jakin gabe hasten baitziren. Super Ekoren babesle eta laguntzari esker lortu zen saskibaloi eskola martxan jartzea. Horrela, jokalariak saskibaloi jakintza minimo batzuekin iristen dira euren txapelketako lehen urtera; ondorioz, maila hobean jokatu dezakete, eta bai entrenatzaile bai jokalarientzat ere, abantaila itzela da.

Aipatzekoa da lehenengo urtean eskola utzi zuten jokalariek ikaragarrizko denboraldia burutzen ari direla aurten. Hori gutxi balitz ere, orain saskibaloi eskolan ari diren hainbat jokalari Gipuzkoako selekzioko teknifikazio jardunaldietara hasi dira joaten, eta hauetatik batzuk udaran Euskadiko selekzioko kanpusera joateko aukera izango dute. Hortaz, argi dago, pixkanaka kluba egindako lan gogorraren fruituak jasotzen ari dela.

Garaipena, Askatuaken aurka

Take Super Ekoko alebinek izugarrizko denboraldia ari dira betetzen. Kontutan hartzeko azken emaitza Donostiako Askatuak taldearen aurka izan zen. Tolosarrek garaipen argia lortu zuten, 78-43ko markagailuarekin. Taldeak bazekien ez zela partida erraza izango, Askatuakeko hainbat jokalari oso maila onean jokatzen ari baitziren. Hala eta guztiz ere, TAKE hasieratik gogotsu kantxaratu zen, partida irabazteko asmoz. Lehenengo laurdenean lan ona egin zuten tolosarrek, defentsan hainbat baloi lapurtuz eta kontra erasoak kanasta bihurtuz. Bigarren laurdenean, aldiz, partida zaildu egin zen. Tolosako jokalariak lehen minutuetan erakutsitako grina ahaztu, eta aurkariak markagailuan pixka bat gerturatu ziren. Hala eta guztiz ere, atsedenalditik aurrera, tolosarrak sendo irten ziren defentsan, eta hainbat puntu lortu zituzten joko ona erakutsiz. Gainera, astean zehar ikasitako jokaldiak praktikan jartzeko aukera izan zuten azkeneko denbora laurdenean. Horrela, partida amaierara 78-43 ko emaitzarekin iritsi ziren. Hurrengo partida, berriz, apirilaren 14an jokatuko dute, Arrasaten. Taldeak lanean jarraitu behar du txapelketako lehenengo postuetan mantendu ahal izateko.

Amaitzeko, TAKEk gogorarazten du bidaia antolatu duela bihar Gasteizera joateko. Bertan, Euroligako partida garrantzitsua jokatuko dute Caja Laboral Baskoniak eta Italiako Montepaschik. Partida 20.45etan kasiko da. Izena emateko, idatzi takesb@takesb.comhelbidera.

menu
menu