Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Saski gauarekin abiaraziko ditu,TAKEk, 25. urteurreneko ospakizunak

(Tolosaldeko Hitza - 2013/05/28)

Tolosako Adiskideen Kirol Elkarteak, TAKEk, 25 urte betetzen ditu aurten, eta behin denboraldia amaituta, antolatu duten egitasmo nabarmenetako bat aurkeztuz abiarazi dituzte ospakizuna. Horrela, datorren ekainaren 8an, saski gaua izango da Euskal Herria plazan.

Lehendik ere burutu dituzte jada, hainbat jarduera, urteurrenaren harira; besteak beste, Sito Alonso entrenatzailea Tolosan izan zen duela egun batzuk. Horrez gain, Euskal Autonomia Erkidegoko ligara igotzeko Final Four fasea Tolosan ospatzea lortu zuten urtemuga ospatzeko, eta gainera, TAKEk fase horretara iritsi eta igotzea lortu du.

Taldeko Andoni Gorostidik azaldu duenez, hiru jarduera mota antolatu dituzte: “Egitasmo batzuk herriari begira antolatu ditugu, eta beste batzuk taldekideoi begira, barrukoak. Azkenik, TAKEtik pasa diren jokalari guztiak ere gogoan izan ditugu”. Honenbestez, ekainaren 8an saski gaua izango da, tolosar nahiz kanpotarrentzat, “saskibaloiaz kalean gozatzeko, formatu berri eta dinamiko batean”.

4×4 partidak izango dira, eta gizonezko nahiz emakumezko taldeak goi mailakoak izango dira. Horrela, Gipuzkoan goi mailan dabiltzan TAKE, Iraurgi, Easo eta Zarautz taldeetako jokalariak etorriko dira gizonezkoei dagokienez. Emakumezkoetan, berriz, Euskal Herri osoko lau talde hoberenak ariko dira saski gauean: Iruñeko Ardoi, Bera Bera UPV, Caja Vital UPV eta Gernika.

18:00etatik hasita, Euskal Herria plaza kaleko kantxa bilakatuko da, eta 02:00ak arte luzatuko da saski gaua: “Ikusle mota guztientzako jaia izan daiteke, atsedenaldietan saskibaloiarekin loturiko jarduerak prestatu baititugu bertaratuentzat; esaterako, haurrentzako puzgarriak”. Partidak, berriz, 20 minutukoak izango dira, eta 10 segundoko erasoak egin ahal izango dituzte; formatu azkarragoa izango da, beraz: “Orain arte ikusi ez den formatu bat da, dinamikoagoa”.

Mende laurdeneko gora-beherak

1988an TAKE sortu aurretik ere, baziren saskibaloi taldeak Tolosan; ikastetxeei loturiko taldeak ziren, ordea, eta taldeko sortzaileek, herri mailan zerbait egiteko asmoz abiarazi zuten Tolosako Adiskideen Kirol Elkartea. Andoni Gorostidik azpimarratu duenez, “duela 10 urte inflexio puntu bat izan zuen taldeak, eta krisi txiki bat ere bat horrekin batera. Izan ere, talde gutxi zeuden, eta kanpoko jokalari asko ari ziren TAKEn”.

Egoera honen aurrean, taldeak ikuspuntu aldaketa bat gauzatu zuen, eta herriko jokalarien parte hartzea sustatze hasi ziren, saskibaloia Tolosan errotzeko asmoz. Gaur egun, 18 talde daude guztira, eta 250 jokalari inguru aritzen dira entrenatzen. Gainera, aipatzekoa da orain 6 urte emakumezkoen saskibaloia indartzeko TAKEk egin zuen apustua: “Gaur egun kategoria bakoitzean emakumezkoen talde bat dugu, eta epe motz edo ertainera, nesken taldeek lorpen garrantzitsuak eskuratzea da gure erronka. Lanean jarraitu behar dugu beraz”.

menu
menu