Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

EGOERA ZAILEAN KEMENTSU

TAKE Ernioko neskek larunbatean jokalari onenen parera iristeko gogoa dutela erakutsi zuten

Larunbata eta arratsaldeko 20:00ak. Ohiturik ez dauden ordutegi batean jokatzeaz gain, aurkari zail bat zuten aurrean gure infantil neskek: Easoren lehenengo taldea. Talde honek ez du oraindik partidarik galdu eta sekulako indarra eta kalitatea duten jokalariak dituzte beren taldean. Hori gutxi izango ez balitz, entrenatzaile lanetan aritu beharko lukeen Mikel Lakunzak mina hartu zuen arratsalde horretan bertan jubenilekin jokatzen ari zen partiduan. Hura desastrea!
Hala ere, ahal zuten bezain kontzentratuen, konbentzituen eta motibatuen atera ziren jokatzera. Pare bat jokalarik, behar baino lehenago egin zituzten faltak eta gainontzekoek arazoak zituzten aurkarien indar fisikoaren aurrean. Aurkariek presionatu egin zuten lehen zati guztian zehar eta gure neskek zer egin ez zekitela baloiak galdu zituzten bata bestearen atzetik. Deskantsuan 36-4koa zen markagailua.
Bigarren zatian, aurkariak zelai erdian hasi ziren defendatzen eta gure neskek konfidantza pixka bat berreskuratuta joko ona egiteari ekin zioten. Erasoak luzatuz eta baloia mugituz tiro aukeraketa ona burutu zuten eta baita defentsako lan zorrotza ere. 7. minututik aurrera hiru baloi txoro galdu izan ez balituzte laurdena irabaziko lukete seguraski.
Laugarren laurdenean hirugarreneko lanarekin jarraitu zuten nahiz eta oraingoan, aukera onak ziren jaurtiketetan ez zuten asmatzerik izan. Defentsan hala ere, indartsu jarraitu zuten eta aurkariek 10 puntu besterik ez zituzten saskiratu.
Bigarren zati azpimarragarria. Azken emaitza: 58-14. Neskak sentsazio onekin atera ziren zelaitik eta hortzak bertan utzita. Segi horrela!

menu
menu