Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Lehen fasea porrotarekin amaitu zuen Tolosa Aralar

Garaipenak bigarren fasea 4 garaipen eta 4 porrotekin hastea ekarriko zuen, baina lortu ez zenez, 3 garaipen eta 5 porrotekin ekin beharko dio maila mantentzeko helburuari.

Amaitu da lehen fasea Tolosa Aralar-entzat eta egia esan, ez du modu oso onean egin. Izan ere, azken partidako porrotaz gain, Ion Izagirre-k orkatila bihurritu zuen eta egun batzuetan atseden hartu beharko du. Partidarako baja bakarra Gonzi-rena izan zen, kadeteekin bidaiatu bait zuen entrenatzaile lanetan. Honen lekukoa, Alain jubenilak hartu zuen.

Partida hasierak itxura polita izan zuen etxekoentzat. Lehen laurdenetik aurrea hartu zuten markagailuan eta atsedenaldirarte aurretik izatea lortu zuten zazpi puntuko errenta interesgarriarekin. Bi laurdenak antzeko joan ziren, defentsa lan polita eginez eta erasoan gauzak nahiko erraz eginez, piboten arteko erlazioa baliatuz eta kanpoko jokalariek erakusten zuten arriskuarekin.

Dena den, taldearen egoera fisikoa ez da momenturik onenak pasatzen ari eta hori partidaren erditik aurrera nabaritu egiten da. Atsedenaldira 35-28 iritsi eta gero, gauzak ondo zirela zirudien. Baina momentuko ilusioa besterik ez zen izan. Izan ere, une honetatik aurrera, erasoan freskotasun falta asko nabaritu zen. Hasieran sartzen ziren jaurtiketak huts egiten hasi ziren eta aurkaria gero eta erosoago zebilen bai erasoan eta bai defentsan.

Honen lekuko da azken hogei minutuetan sartutako puntu kopurua (21), partida bat irabazi ahal izateko exkaxegia. Erabateko gainbehera azken laurdenean etorri zen, non etxekoek 8 puntu sartu zituzten eta aurkariak 18. Azkenean 56-63 eta lehen fasea amaituta. Beste partidetako emaitzak ikusita 3 garaipen eta 5 porrotekin hasiko du bigarren fasea Tolosa Aralar-ek.

Bizkaitarrek garaipena ezinbestekoa zuten igoera fasera sailkatzeko eta hala ere, ez dute euren helburua lortu eta jeitsiera ekiditea izango dute hurrengo asteetako erronka, tolosarrek bezalaxe.

Bigarren fase hau bi asteburu barru hasiko da. Oraindik zozketa egiteke dago, baina jeitsiera multzoa osatuko duten taldeak Easo Atco Sn. Sn., Goierri Verkol, Promociones Legarzia, ATE Asesores La Salle, Ocaso Berrio-Otxoa, Suminan, Padura, Universidad de la Rioja, UPV Alava eta Tolosa Aralar Kirolak izango dira.

Atsedenaldian ohiko zozketa egin zen eta zenbaki saritua 066-a izan zen.

Partzialak: 17-14, 35-28, 48-45, 56-63.

Tolosa (17+18+13+8): Kike (15), Martia (0), Haritz (6), Fernando (0), Kaiet (17) - hasierako bostekoa - Goar (11), Iñigo (3), Alberto (0), Alain (0), Joseba (4), Ion (0) eta Iker (0).

Suminan (14+14+17+18): Rabano (8), Benito (4), Duque (4), Zalduendo (10), Castrillo (6) - hasierako bostekoa - Momoitio (20), Codesido (11) eta De los Bueis (0).

menu
menu