Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Esperientziaren giltza

Mikel Iraola. Tolosaldeko Ataria

TAKEk porrotarekin hasi du denboraldia. 55-65 galdu du Ardoi sendo baten aurka.

Porrot baten ondoren irakurketa ezberdin ugari egin daitezke: dela taldearen joko txarra, dela zorte txarra, dela epailearen lan eztabaidagarria, dela aurkariaren maila... Eta zentzu horretan, TAKEren denboraldiko lehen neurketak ere irakurketa hainbat izan ditzake.

Alde batetik, lehen bi laurdenetan ondo aritu ziren tolosarrak, zentratuta, defentsan sendo. Baina bigarren zatian gauzak ez ziren atera, baloia ez zen saskira sartzen. Eta horren erantzule parean zuen taldea. Talde ona Ardoi. Yon Gonzalezek ere uste bera du: "Guk galdu baino, beraiek irabazi gintuztenaren sentsazioa dut, eta hori garrantzitsua da porrot bat jasotzean".

Talde nafarrak bazekien zertara jokatzen zuen, eta beren eremura eraman zuten neurketa bigarren zati horretan. Ordura arteko tolosarren blokeoak desagertu ziren eta jokaldi indibidualak bilatu zituzten. "Horrela oso zaila da Ardoi bezalako talde bati irabaztea" dio Gonzalezek.

Defentsako lana, ordea, txalotu egin du entrenatzaileak: "Ardoi bezalako talde bat 65 puntutan utzi genuen, irabazteko aukerak dauden eremuan". Baina Ardoik ofizioz jardun zuen garaipena eskuratzeko. "Hiruko asko sartu zituzten, askotan gainera jokalari bat edo bi gainean zituztela. Beste batzuetan baloia azkar mugituz mina eman ziguten. Eta beste batzuetan ofizioa erakutsi zuten". Esperientziaren giltza da hori.

EBA mailan debuta egin berri dute Beñat Azaldegi, Josu Arregi eta Telmo Igartuak. Lander Lasak ere ligako lehen neurketa jokatu du TAKEra itzuli denetik. Denborarekin, esperientziaren giltza topatu ahala, TAKEk garaipenaren ate asko irekiko ditu, ziur.

menu
menu