Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Saskibaloiaz gozatzeak ematen duen poza

TAKE Aralar Kirolak junior neskek, ederki jokatu zuten larunbat honetako norgehiagoka, BKL A gaindituz, 44-52ko markagailuaz.

Kanpoan jokatzea egokitu zitzaion TAKE Aralar kirolak taldeari bigarrengo aldiz jarraian, eta kasu honetan, azken irteeraren sentsazio txarrak ahaztea zen helburu nagusia. Aurrean, Beasaingo BKL A taldea.

Astean zehar ondo entrenatu zuten gure neskek, askotan gertatzen da entrenamenduko sentsazioak partiduetara eramatea ez lortzea. Baina, ez zen kasua izan. Lehenengo minututik hasi ziren Tolosarrak erasoan beraien onena erakusten, taldeak dituen joko arauak betetzen zituzten jokalariek, eta honi esker saskiratze aukera onak aurkitzen zituzten. Hala ere, etxekoek antzeko lana egiten zuten, saskira bidea ere errazegi lortuz. Honek markagailuan berdintasuna ekarri zuen, 12-12 lehen laurdenaren bukaeran.

Bigarren laurdenak antzeko bidetik jarraitu zuen. Tolosarrek agintzen zuten jokoan, eta orain bai nagusitasun hau markagailuan isladatu zen. Atsedena iristeko 4 minutu gelditzen zirelarik 4-12ko partziala lortu zuten urdinek. 22-29 markagailuan, eta sentsazio positiboak.

Bigarren zatia Ainararen saskiratze batekin hasi zen, bazirudien partiduak bide berdinetik jarraituko zuela, baino BKL-k atera zuen zonak, zailtasunetan jarri zituen gure jokalariak. Nahiz eta baloia ondo mugitzen jarraitu, saskira bidea ez zuten hain erraz topatzen, eta defentsan edukitako pare bat hutsegiteren ondorioz, etxeko taldea gerturatu egin zen markagailuan. Hirugarren laurdenaren bukaeran 34-38.

Azken laurdena Beasaingo nesken saskiratze berri batekin hasi zen, abantaila soilik bi puntutan utziaz. Jokalari ausartak dira TAKE Aralar Kirolak-eko neskak ordea, eta porrotaren mamuak ez zituen hauek ikaratu. TAKEkoen erreakzioa berehala etorri zen, 0-6ko partziala, eta norgehiagoka kontrolpean berriro. Nahiz eta abantaila handia ez izan, 40 minutuetan zehar, gure neskak izan ziren nagusi, bai joko aldetik, bai gogo aldetik, beraz merezitako garaipena patrikara. Bukaerako emaitza 44-52.

Esan bezala, sentsazioak, batez ere erasoan, oso onak izan ziren, azpimarratu nahi dugun datu bat, jokalari guztiek lortu zuten gutxienez saskiratze bat, baloia ondo mugitu, eta talde bat bezala jokatu zenaren erakusgarri. Entrenatzaileak pozten dituen datu bat dudarik gabe. Oso lan ona neskak!

Hasieran esan dugun bezala, astean zehar egindako lan ona izan zen partidua horrela jokatzera bideratu zuena, beraz bidea argi dago: Entrenamenduetan lana, lana eta lana!

Datorren astean atsedena, eta hurrengo jardunaldian Usabalera buelta, Irungo Erroibide taldearen aurkako norgehiagoka jokatzera.

Aupa neskak! Eta 1, 2, 3… TAKE!!!

menu
menu