Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Lan ona borobildu ezinik

Igande goizean jokatu zen partiduan, 45-51 galdu zuten junior mutilek Cafes aitona-Askatuak taldearen aurka

Gure mutilek denboraldiko minutu onenak jokatu zituzten partiduko lehen hiru laurdenetan. Entrenatzaileek bilatzen dituzten kontzeptuekin bat eginik, defentsa zorrotza burutu ondoren kontraerasoan aurreko partiduetan lortu ez duten abiadura ematea lortu zuten baloiari, ondoren, pibotek trantsizioan defentsa erakarrita puntuak erraztasunez lortzeko bidea irekiaz.

Hau gutxi ez, eta erasoan eskatzen zaien lotsagabe puntua atera eta jaurtiketa saiakera onak gauzatu zituzten partiduan zehar. Horren adierazle dira Ander Buldain, Xabi Mendizabal, Jon Ander Arregi eta Jon Ander Lizarraldek sarturiko hirukoak.

Partidua oso modu onean kudeatu zuten eta laugarren laurdenaren hasierara 16 puntuko aldearekin iritsi ziren. Partiduak eskuetan zutela zirudien arren, Donostiarrek azken laurdenean ezarri zuten kantxa osoko presioak min handia egin zien gureei. Ez soilik presiotik ateratzeko, behin aterata erasoan baloia mugitu eta norbera mugitzeko ere arazoak izan baitzituzten, erasoan puntuak lortzeko bidea oso modu adierazgarrian murriztuaz.

Gureen paralisi horri etekin nabarmena atera zioten donostiarrek, 3-23 partzial ikusgarria eginda, partidua boltsikoratu baitzuten azken minutuetan.

Pena handia izan zen atzokoa, baina ez da burua jaitsi behar, partiduz partidu hobekuntza nabarmena egiten ari baitira gure mutilak. Partidu hontan 30 minutu izan ziren arren, datorrenean 40 minutuetan partidu oso bat eginda garaipena boltsikoratuko dugu!

menu
menu