Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Harri bat bidean

TAKE Tolosako mutilek joko maila jaitsiera nabarmena izan zuten Donostian jokaturiko partidan.

Easo 99 Aitzgorri 77- TAKE Tolosa 47.
Pasa den astea albiste pozgarri batekin hasi zuen TAKE Tolosa juniorren taldeak: Josu Lertxundiren itzulera. Belauneko operazio batetik itzuli berria den lehen urteko juniorrak, aurten lehen aldiz minutu batzuk jokatzeko aukera izan zuen larunbatean jokaturiko partiduan. Taldearen jokoak ez zion pozari biderik utzi ordea. Jon Ander Arregi, Mikel Lakunza eta Aitor Deustoren hutsuneak gehiegizkoak izan ziren eta Tolosarrek lehen laurdenean soilik eutsi zuten.
Gure mutilek, Easo 99 Aitzgorri lehen urteko juniorrez osaturiko taldea zuten aurkari. Kalitate handiko eta abiadura bizian jokatzen duten jokalariak ditu talde honek, baina lehen urteko taldeei askotan gertatzen zaien antzera, fisikoki indar eta pisu pixka bat hartzea falta zaie. Gauzak horrela, errebotean nagusitu eta defentsan estutuz gero irabazteko aukerak izan zitzaketen Tolosarrek.
Partiduaren hasiera guztiz kontrakoa izan zen, bi taldeek oso leun defendatzen zuten eta horren ondorioz, jaurtiketa errazak burutu zitzaketen bi taldeetako jokalariek. Egoera honetan, Donostiarrek Tolosarrek baino gehiago asmatu zuten eta lehen laurdenaren amaieran 16-11 ziren aurretik. Bigarren laurdenean defendatzeko gogoa erakutsi zuten Tolosarrek eta zelai erdiko defentsan lan ona egin zuten. Galduriko baloien erruz ordea, aurkariek saskiraketa errazak lortu ahal izan zituzten eta markagailuan aldea areagotu.
Hortik aurrera, partidak bide berdina jarraitu zuen. Tolosarrak defentsa mota ezberdinen bitartez aurkariak nahasten saiatu ziren, ea abantaila murriztea lortzen zuten. Baina alferrik. Markagailuan zuten aldeak ematen zien lasaitasuna batzuei eta lanerako gogoa kendu besteei. Jokatzeko jarrera kaskarra erakutsi zuten momentu askotan Tolosar gazteek. Burumakur, kemenik gabe eta egiten ari zirenarekin lotsatuta.
Behin eginikoa eginda, ez dago atzera bueltarik. Astean zehar egiten ari diren lana, zelaian biribiltzea falta zaio taldeari eta hori lortzeko, denetariko esperientziak bizitzea ezinbestekoa da. Asteburu honetakoa ez da lehenengoa, etxetik kanpo jasotako hirugarren jipoia baizik eta hiru partidetan berdina izan da arrazoia: defentsako lan falta.
Datu adierazgarria: Easo 99 Aitzgorri taldekoek 16 puntu edo gehiago sartu zituzten laurden guztietan eta Tolosarrek ez zituzten 12 baino gehiago behin ere sartu. Atzean estutzen ez duen taldeak, zeregin gutxi dauka maila honetako aurkarien kontrako partiduetan. Zubiaren ondoren, etxean jokatuko dituzte bi partidu interesgarri. Atletiko San Sebastian eta Easo C. Okeletxe taldeen aurkakoak hain zuzen ere. Hil edo biziko partidak izango dira hauek, ez hainbeste sailkapenean izango duen eraginagatik baina bai taldearen aurtengo ilusioak eraikitze aldetik. Benetan gai al da taldea partida parekatuak irabazteko? Saiatuko dira hala izan dadin.

menu
menu