Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Merezi zutenei, kendu

Tolosaldeko Ataria

62-63 galdu du TAKEk Pielagosen aurka; epaileek guztiz baldintzatu zuten azken emaitza.

Arratsalde epiko horietako bat. Egiari zor, horixe zen kronika honen titularra. Azken emaitza jakin gabe, oraindik nork irabaziko zuen erabakitzeke zegoenean, horrelakoa izaten ari baitzen partida, epikoa. Azken minutuan ikusitakoarekin, ordea, ezin horrela izenpetu.

Azkenekoa, auzo-lotsaren minutua izan zen. Ordura arte ikuskizun paregabea eskaini zuten bi taldeetako jokalariei protagonismoa kendu zieten. Azken emaitzak izaten baitu garrantzia, eta hori epaileek guztiz baldintzatu zuten. Horrela nahi izan zuten eurek. Protagonismoa kendu zieten merezi zutenei. Garaipena ere, merezi zutenei.

Gizon altu eta indartsuak ziren Pielagosekoak, salto handikoak. Eta hori errebotean nabaritu zen. Sufritu egin zuen TAKEk. Lehen laurdenean 16-13 aurreratu baziren ere, bigarrenean 16 puntu horietan trabatu ziren. Liderrak bere indarra erakutsi zuen eta hamar puntuko aldea izateraino ere iritsi ziren. Baina lanaren lanaz, markagailuan gerturatzea lortu zuten tolosarrek atsedenaldirako: 25-27.

Bigarren zatia, burugogorkeriaz jokatu zuen TAKEk, garaipenean tematuta, etsi gabe, eta hobekien dakien moduan: taldean.

Eta lan horrek topatu zuen saria, ia. Azken minutuan, Lander Lasak sekulako hirukoa sartu zuen baloi jabetza amaitzear zela. Ez sinestekoa! 62-60 aurretik zen TAKE, eta erotzear zen Usabal.

34 segundoren faltan, kantabriarren aldeko falta eztabaidagarri bat adierazi zuten epaileek. Erasokoa ere izan zitekeen. Lehena sartu zuen Garcia Peñak, baina bigarrenean huts. Denen harridurarako, errepikatzeko agindua eman zuten epaileek. Hura ere huts egin zuen. Ia jabetza amaitzerainoko erasoa egin zuen TAKEk, eta azken segundoan, urratsak egin zituen. 10 segundoren faltan, baloia kantabriarrena zen.

Jokaldi trabatu baten ostean, azken jaurtiketa bat egiteko aukera izan zuen Pielagosek. Ez zen sartu, eta errebotea hartzerakoan jo zuen bozinak. Amaitua behar zuen neurketak, baina orduan inork ikusi ez zuen falta bat adierazi zuten TAKEren aurka epaileek. Denbora luzez etenda izan zen jokoa, eztabaidatzen zuten bitartean, Usabal bete zutenen haserrerako. Inork ez zekien denbora barruan izan ote zen edo ez. Mahaiko kideei ere galdetu zieten epaileek, baina ez zuten erantzunik jaso. Azkenean, nork daki zergatik, falta. Ez ote du ba, epaile batek adierazten duenaz guztiz seguru izan behar? Hor amaitu zen arratsalde epikoa: bi jaurtiketak barrura eta porrota. 62-63.

Merezitakoa kendu zieten, baina merezi dutena kantxan berreskuratuko dute. Lanak, ez beste ezerk, merezi baitu saria. Aukera bikaina izango du larunbatean Donostian, beste liderraren aurka, Easoren aurka.

menu
menu