Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Markak puskatzeko daudelako

Tolosaldeko Ataria

Historian lehen aldiz irabazi dio TAKEk Easori (56-46) eta datorren urtean EBA mailan jokatuko duela ziurtatu du matematikoki.

Ez jokalari, ez entrenatzaile. TAKEko inork ez zuen lortu, larunbatera arte, Easoren aurkako garaipenik. Yon Gonzalez entrenatzaileak eman du datua, pozarren. Markak puskatzeko daude.

Markak ez ezik, TAKEk erabat hautsi zuen talde donostiarraren planteamendua. Horregatik, emaitzagatik baino gehiago akaso, partida irabazteko moduagatik dago gustura prestatzaile tolosarra. Izan ere, partidatzarra jokatu zuen TAKEk defentsan. "Kasu isolaturen bat izan ezik, ez genuen akatsik izan. Saskiraketa guztiak oso landuak izatera behartu genion Easori". Astean zehar defentsan planteatutako aldaketek eman zituzten fruituak, donostiarrek 46 puntu baino ez baitzituzten lortu.

Erasoan, berriz, ez zuen egunik onena izan, baina Gonzalezen hitzetan, "defentsan horrelako jokatu eta gero, oso-oso gaizki jokatu behar da ez irabazteko". Besteetan bezain beste asmatu ez arren, taldeak borrokan jarraitu zuen, garaipena poltsikoratu arte: 56-46. "Asmatu izan bagenu, aldea sekulakoa litzateke. Garaipen honek beste behin demostratzen du edonoren aurka lehiatzeko gai garela" dio Gonzalezek.

Honenbestez, TAKEk mailari eustea lortu du. Lasaitasuna ere emango dio horrek datozen jardunaldiei begira: "Beste mentalitate batekin egingo dugu lan, lasaiago". Hori bai, kantxara "irabaztera" aterako direla ziurtatu du Gonzalezek: "Jarraitzen gaituzten zale horiei zor diegu irabazten jarraitzeko borroka egitea".

Cantbasket da, orain, TAKEk EBAn garaitu ez duen talde bakarra. Hain justu, azken jardunaldian neurtuko ditu indarrak talde kantabriarraren aurka, etxean. Irabazteko lehen aldi aproposa.

Baina ez bat, ez bi. Konturatzerako, TAKE hirugarren aldiz arituko da EBA mailan. Ez da makala!

menu
menu