Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

ZAILTASUNEI AURRE EGINEZ

TAKE Aralar Kirolak-eko kadete neskek oso partidu txukuna burutu zuten, azkenean galdu arren.

Larunbatean OIARSO taldeari egin zion bisita errendimenduko taldeak, Errenterian 12:30tan jokatu zen neurketan. Ez zen egoera hoberenean iritsi taldea partidura: hainbat jokalari baja izan ziren kanpoan egoteagatik eta Garazik izandako lesioak 6 jokalarirekin uzten zituen tolosarrak. Hala ere, Garoa eta Aiora infantilak eta Maialen partaidetzako taldeko jokalaria hor izan ziren laguntzeko.

Gogoz ekin zion taldeak neurketari eta kontzentrazioa nabari zen kantxan. Paseak ziurtatzeaz adi ibili ziren neskak eta etxekoek utzitako hutsuneak aprobetxatzen saiatu ziren. OIARSOkoak jokalari altuak bilatzen saiatzen ziren, baina TAKEk lan ona egin zuen paseko marretan eta 2x1koan. Lehen laurdenaren amaieran zuzenketa txiki batzuk egin ondoren, kanpokoek 2. laurdena irabazi eta atsedenaldian 7 puntuz galtzen zeuden soilik, garaipenagatik borrokatzeko asmoz.

Txakalaldi nabaria izan zuten ordea atsedenalditik bueltan tolosarrek, 4 bat baloi jarraian galdu eta gero, 10-0ko partziala egin baitzuten etxekoek 5 minututan. Neskek besoak jaitsi zituzten momentu batzuetan, baina segituan konturatu ziren partidu luzea zutela aurretik eta lanean gogorrago hasi ziren. Defentsan oso agresiboak izan ziren eta beldurrak atzean utzi zituzten, baloirik gabeko mugimendu onak baliatuz, saskiratze aukera onak bilatuz. Partidu bukaera arte hasierako maila ona erakutsi zuten eta, beste behin ere, jokoa emaitzaren gainetik egon zen (45-29).

Astero maila hobea erakusten dute neskek, urte osoko lanaren adierazgarri dena. Banakako zein taldeko jokoan oso seguru ikusten zaie azkenaldian eta ia 40 minutuetan kontzentratuta mantentzea ari dira lortzen. 5x5ko jokoan edozein talderekin lehiatzen dira ongi erasoan eta defentsan, laguntzak eta 2x1koak erabiliz.

Bestalde, aipatu beharra dago urruneko zein jaurtiketa libreetan pixkanaka ematen ari diren aurrerapausoa, jada atzean geratu baitira jaurtiketa gehiegi huts egiten genituen denboraldi hasierako partidu horiek. Ez da denboraldi erraza izaten ari baina neskak jarrera oso ona erakusten ari dira, aurkariek jarritako oztopoak zein lesio etengabeak gaindituz.

Jarraitu horrela, garaipena hortxe dugu eta!Azken lerro hauetan entrenatzaileok animoak bidali nahi dizkiogu lesionatu berri den (baina partidura hutsik egin ez zuen) Garaziri, eta eskerrak eman aspaldian jolastu ezin izan arren astebururo animatzera etortzen diren Ainhoa, Irune eta Ane taldekideei!

ANIMO NESKAK, AZKEN TXANPAN GAUDE TA!

1,2,3…TAKE!

menu
menu