Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Atletico San Sebastian 42 – TAKE 50

Lauko finalera iristeko partidu garrantzitsua zuten tolosarrek larunbatean, Donostiako Atletico-ren aurka.

Aste zaila izan da pasatakoa, ezin izan baitzuten bi egunetan entrenatu, honek atzetik dakarren guztiarekin: lasaitasuna, aktibitate falta… Aurrez donostiarren aurka jolastutako partiduko emaitzak gainera, erosotasun gehiago eman zien tolosarrei, partidura, nolabait behar baino tentsio gutxiagorekin iritsiaz. Edo akaso tentsio gehiegi zuten partidaren garrantziaz jabetuta? Sentsazioak behintzat ez ziren onak. Entrenatzaileek ere nabari zuten urduritasun puntu bat tripetan. Irabaziz gero, lauko finalera sailkaturik izango ziren gure mutilak.

Eta tentsio hau nabaritu zen noski. Non zeuden jakin gabe kantxaratu ziren tolosarrak; talde sendo baten aurka, zaletu ugarirekin, presioa bizkar gainean… Lehen laurdena ahazteko modukoa. Baloi galdu ugari, defentsa ahula… 4-17 konturatzerako eta lehen 10 minutuak igarota.

Momentu horietan ez da erraza burua hotz mantentzea. Aurkariak hazita eta jokalariak buru makur... Taketarrek nolabait, markagailuari eustea lortu zuten bigarren laurdenean, 13 puntuz galduz iritsi zirelarik atsedenaldira. Gauzak aldatzeko garaia.

Entrenatzaileek bazekiten jokalarien “txip” aldaketarekin baino ez zutela partidua bereganatuko. Jokalariak motibatu, eta aldaketa; denak indartsu kantxaratu ziren, batak besteari lagunduaz, hortzak erakutsiaz, talde honek duen benetako izaera zein den argi utziaz.

“Defentsak emango digu gaurkoan garaipena!”. Eta horrela izan zen. A zer nolako minutuak!!! Baloiak lapurtu, errebotean indartsu borrokatu, saskiratze ikaragarri garrantzitsuak lortu… Hau gozamena. Partidu amaieran jokalariek egindako oihuak argitu zuen dena; garaipen honekin maiatzean jolastuko den final four-erako txartela poltsikora.

Azpimarratzekoa, gehiago edo gutxiago jokatzera irten ziren jokalari bakoitzak eginiko lana, batzuk aulkian ahal zuten erara animatuaz, besteak zelaian zuten guztia emanaz. Behingoagatik, markagailuari buelta ematea lortu zen!

Saskibaloia eta giro onak ahalbidetzen ditu horrelako garaipenak. Merezi dute, egindako lana ikaragarria baita.

Goazen mutilak!

menu
menu