Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

AMAIERAN EZIN

Partidu guztian borrokatu ondoren, azken minutuetan amore eman behar izan zuten errendimenduko kadete neskek.

Encounter-aren ondorioz nahi bezala entrenatu ahal izan gabe eta 6 jokalarirekin, horrela ekin zion TAKE Aralar Kirolak kadete taldeak EASOren aurkako neurketari larunbatean. Aurkaria oraingoan ere aspalditik ezaguna zen eta berriz ere bi infantilen laguntza estimatua izan genuen, beraz aitzakiarik gabe taldea lanerako prest zegoen.

Lehen laurdena ez zen guztiz gaizki hasi,tolosarrek presioa oso ondo gainditzen eta erasoan nahiko eroso mugitzen baitziren, baina ohikoak diren akats txikiak ageri ziren defentsan, donostiarrak aurretik egotea ahalbidetzen zutenak.

Atsedenaldian, pare bat gauza zuzendu eta askoz hobeto ekin zion TAKEk partiduari, intentsitatea handituz. Erasoan beldurrik gabe joan ziren saskiaren bila eta laurden polita ikusi ahal izan zen bi taldeen partetik, alde bietan eraso zein defentsa onak ikusi zirelarik. Saskira begira, ordea, kanpokoek asmatu zuten gehiago, eta aurretik mantendu ziren.

3. laurdenean TAKEkoak aldea murrizteko ahalegin handia egin zuten, eta zonakako defentsa proposatu zuten. Laurden honetan defentsak erasoei nagusitu zitzaizkien, eta etxeko neskena izan zen onena: azken laurdenera 9 behera, eta 10 minutu luze jolasteko, ez zegoen hain urruti garaipena.

Azken laurdenaren hasieran, etxekoek 3 saskiratze erraz oparitu zituzten, ordea, eta taldea presionatzera behartuta zegoen. Presioko lan ona burutu zuten denek, arriskatu beharra zegoen eta hainbat baloi lapurtzea lortu zuten, baina ez zen nahikoa izan 10 puntuetako hesia gainditzeko. Azken minutuan, nekearen ondorioz agian, EASOkoek 0-7ko partziala lortu zuten, azken emaitza gisa 28-48koa ezarriz, baina hau ez zen partidaren bilakaeraren adierazgarri izan, inolaz ere.

Berriz ere defentsa ona, baloi lapurtuak, presio irteera ona, … Baina ez zen nahikoa izan, tamalez, garaipena lortzeko. Neska tolosarrek badakite, hala ere, lan ona burutzen ari direla entrenamendu eta partiduetan eta ez daudela garaipenetik urrun. Datorren astean saiatuko gara berriro!

Eutsi horri neskak!

1,2,3…TAKE

menu
menu