Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Zapore gazi gozoko amaiera junior mutilentzat

Gipuzkoako Junior mailako Kopako finalean galduta agur esan diote gure mutilek denboraldiari

Denboraldi hasiera gorabeheratsu baten ondoren, azken helburu gisa Gipuzkoako Junior Mutilen kopara sailkatzea jarri zuten helburutzat gure junior mutilek. Eta baita lortu ere! Denboraldia aurrera joan ahala taldeak eta taldekideek elkar hartzen, elkarrekin gozatzen, entrenatzen ikasi dute. Horri esker, azken aldian partidarik galdu gabe aurkitzen zen taldea. Sei partida zeramatzan jarraian irabazita eta horren sari gisa, Junior Mutilen Gipuzkoako kopako finala jokatzeko aukera.

Pasa den larunbatean zuten hitzordu garrantzitsu hau. Urretxun eta Easo C Okeletxe taldearen aurka hain zuzen. Jokalariak eta entrenatzaileak, horrelako egoera batean aurrez izan gabeak ziren eta partidaren aurretik somatu zen esperientzia falta hau. Urduritasunak lehen momentutik nabari ziren zelaian, beroketako lehen ariketetan zaila baitzen saskiratzeak ikustea. Saskiratzeen ordez sekulako mandarinak ikus zitzaketen partida baino lehen bertaratutako zaleek. Gustuko dute janaria gure mutilek, mandarinak, amonaren hanburgesak, tabaskoa, eta abar...

Halaxe hasi zen beraz partidua, bi taldeen aldetik urduritasuna nagusi baina urduritasun puntu horrek ematen duen intentsitatearekin aldi berean. Partidu gogorra eta puntu gutxikoa espero zen eta leun xamar defendatzen zuen taldeak gogotik ordainduko zuela zirudien. Lehen bost minutuetan ordea, pare bat trantsizio eder burutu zituzten gureek eta Ander Buldainek taldeak sorturiko egoera horiek bikain probestu zituen bi hiruko jarraian sartzeko. 4-10 partidako lehen bost minutuetan.

Aurkariek ordea, hutsarte baten bitartez eta zonakako defentsa bat erabilita, minutu on horiek moztea lortu zuten eta laurdenaren amaierarako, berdinketa zen nagusi markagailuan: 12-12. Bigarren laurdenak, bide beretik jarraitu zuen erasoko jokoari dagokionez, erabaki txarrak batzuetan edota azken ejekuzioan izandako zehaztasun faltagatik, taldeak 6 puntu soilik saskiratu zituen laurden honetan. Grina eta kemena ordea eurekin izan zituzten eta horri esker, atzean lan ona egiten jarraitu zuten. Atsedenaldian: 18-22, lau puntu behetik.

Hirugarren laurdenean, taldeak puntu bat igo zuen bere maila. Atzean lan txukuna egiteaz gain, erasoan ideiak garbiago zituzten eta aukerak aprobetxatzen hasi ziren behingoz. Lehen minutuetako berdinketetatik, abantaila txikiak izatera pasa ziren. Dena den, defentsako lanari ez zioten nahi bezainbeste probetxu ateratzen, trantsizioko jokoa desagertua baitzen lehen laurdenetik. Gauzak horrela, azken minutuan jasotako pare bat saskiratzeren erruz, puntu bat behetik berriz ere hirugarren laurdenaren amaieran, eta dena erabakitzeke.

Laurden honen hasierak, partida osoaren antza handia izan zuen. Saskiratzeak tantaka bi aldeetan eta ematen zuenaren arabera, lehenengo pare bat saskiratzerekin asmatzen zuenak garaipena poltsikoratuko zuen. Serio jarraitzen zuen taldeak atzeko lanean baina ez ziren eroso sentitzera iritsi aurrean. Ekaitz eta Arregiren gertuko pare bat jaurtiketekin eta Buldainen partidako hirugaren hirukoarekin, hiru puntuko abantaila hartu zuen taldeak, partida zihoan bidea ikusita, alde garrantzitsua. Momentu horretan ordea, aurkarien hiruko batek eta 2+1eko jokaldi batek aurkariak berriz ere aurretik jartzea ekarri zuen eta agur txapelari.

Ez zuten markagailuan aurretik jartzea lortu handik aurrerakoan. Gogotik saiatu arren, partida osoko dinamika nagusitu zen. Joko gutxi eta gogoak ikaragarriak. Pena bat, ez baitzitzaion nahi zitzaion amaiera eman denboraldi zoragarri honi. Oreka galtzear egon dira behin baino gehiagotan gure mutilak denboraldian zehar, baina asteroko lanari esker tinko eutsi diote eta gozatzen amaitu dute denboraldia.

Ederra, ederki eta ederto, denak batera.

Zorionak!

menu
menu