Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

AMAITU DA DENBORALDIA JUNIOR NESKENTZAT

Talde bakarra izan du TAKEk aurtengoan junior nesketan eta aldaketez jositakoa izan da berau

Lehenik eta behin, lesioekin izan ditugun berri triste eta pozgarriak aipatuko genituzke. Urtea hasi bezain pronto, Garaziren lesioa kolpe gogorra izan zen eta urte osoan zehar Leire Etxeberria edota Leyre Jauregik ere luze egon behar izan dute geldirik. Aipagarria da ere, jokoan eta inbolukrazioan aurrerapausu bat emana zuen Aneren lesioa. Pena latza. Datozen urteetan ea lesioek ez duten hainbeste zigortzen taldea. Horretarako badakizue, Berazubira gogor entrenatzera! Kar kar kar.
Ainhoaren belauneko lesioaren errekuperazioa ordea, izan da berri pozgarria. Dudez jositako lehenengo entrenamendu horiek aspaldi utzi ditu atzean eta azken hilabeteetan taldeari bizitasuna eta kemena transmititu dizkio. Ainhoa taldean sartzea eta Arantxak taldea uztea bat izan ziren, azken honek entrenamenduetara huts egiteari ekin zionean erabaki zuen taldea uztea, taldekide guztiak oso eskertuta dauden arren bere ordurarteko jarrerarekin.
Emaitzei dagokionez taldeak ez du gehiegi irabazterik lortu. Bigarren urteko bi jokalariz soilik osaturiko talde batek, errendimendu ligan konpetitzeak bere ondorio negatiboak ditu ezbairik gabe eta emaitzena izan da horietako bat. Jokoari dagokionez ordea, gorakada nabarmena izan da. Urte hasieran, nola jokatu ez zekien talde horrek, momentu zehatzetan asko defendatzeko eta erasoan jaurtiketa onak bilatzeko gaitasuna duela erakutsi du.
Taldearen heldutasun horren erakusle izan da azken asteburuan Ostadar taldearen aurka jokatu duten joan-etorrikoa. Lehen partiduaren hirugarren laurdenean, 19 puntugatik galtzen ari zen taldea eta burua jaitsi beharrean, borrokatzen jarraitu eta Leyre Jauregiren esku izan zen eliminatoria berdintzeko jaurtiketa Tolosan jokaturiko partidan.
Hiruko marra ez da ezezagun bat dagoeneko gure neskentzat, portzentaiak oraindik eskasak izan arren, jaurtiketak euren jokoaren parte bihurtu dira eta saskira erasotzeko gaitasuna ere hobetu da.
Dena den, garrantzitsuena eta benetan balio duena, taldekideen gozamen maila izan da. Orokorrean, emaitzak emaitz, taldekide gehienek entrenatzen eta jokatzen gozatu dutela esatera ausartuko lirateke entrenatzaileak. Hori ezin da diruarekin ordaindu eta hor geratuko da.
Entrenatzaileok ere izugarri gozatu dugu taldearekin, alaiak eta atseginak ziren jokalariez osaturiko talde bat izateaz gain, lehiatzen ere badakitela erakutsi dutelako eta edozein egoeretan ere entrenatzaileen erabakiak errespetuz onartzen dituztela erakutsi dutelako.
Zorionak Miren, Lucia, Amonda, Maddi, Jauregi, Etxeberria, Alonso, Irune, Sara, Naroa, Maialen, Olaia, Ane, Garazi, Ainhoa eta Arantxa.


menu
menu