Esta web utiliza cookies. Si sigues navegando, entendemos que aceptas estas condiciones de uso. OK | Más información

Usabalen indarra

Hirugarren garaipena lortu du TAKE-k Pas Pielagos katabriarraren aurka, etxean. Sufritutako garaipena izan zen, 85-82. (Ataria. 2014/11/26)

Denboraldi hasieran ohartarazi zuen Yon Gonzalezek etxeko partidak erabakiorrak izango zirela garaipenak pilatzeko. Bada, formula horri eusten dio TAKEk EBAko bidean aurrera egiteko, beldurrik gabe, eta sendo da Usabalen, zaleen laguntzaz.

Hiru neurketa jokatu ditu etxean. Lehena, Easo bigarren sailkatuaren aurkakoa, galdu egin zuen. Baina donostiarrek majo sufritu zuten. Valladolid izan zuten aurrean laugarren jardunaldian, eta azken segundoetako hiruko bati esker irabazi zuten tolosarrek. Larunbatean, berriz, sufritutako bezain merezitako garaipena sakelaratu zuten.

Lehen laurdena ez zen ona izan. «Defentsan ez genituen gauzak ongi egin eta puntu asko jaso genituen». 17-22ko emaitza zen une horretan. «Hutsarte batean esan nien espabilatzen ez bazuten partidak alde egingo zigula». Erreakzioa segidan iritsi zen. Denboraldiko minutu hoberenak jokatu zituen TAKEk erasoan, 31 puntu saskiratuz. Eta horri esker hiru puntuko aldeaz joan zen aldageletara.

Piboten lana nabarmendu du Gonzalezek: «Eskatzen genien gogorrak izatea eta talde defentsan presente izatea, eta primeran bete zuten, Pielagosen barruko jokoa deuseztatuz».

Hirugarren laurdenean, jaurtiketa libreei esker abantaila lortu zuen markagailuan TAKEk. Amaierarako hiru minutu faltan 12 puntu goitik ziren tolosarrak, baina sufritzen amaitu zuten: «Denborarekin jolasten hasi ginen, posesio luzeak eginez. Agian azkarregi, izan ere, beraiek estutu egin zuten eta horrek presa eta urduritasuna eragin zigun».

Norgehiagoka, ordea, polemikarekin amaitu zen. Hiru segundoren faltan, kirolez kontrakoa adierazi zuten epaileek kantabriarren aurka: «Ongi egin zuten. Legediak dio baloia jokoan jarri aurretik falta egiten bada, kirolez kontrakoa behar duela izan, eta hori egin zuten» azaldu du entrenatzaile tolosarrak. «Zelai erditik ateratzerakoan, ukitu zuten eta kanpora irten zen. Epaileek denbora pasatzen utzi zuten. Ongi berriro». Protesta gisa, kantabriarren kapitainak sinatu zuen neurketako akta.

Bisitari konplikatua

Larunbatean, etxean jokatuko dute tolosarrek berriro ere. «Ilusioa pizten digun partida da. La Gallofa taldea dator, liderra. Ez du neurketarik galdu. Diruarekin eginiko taldea da: Pablo Sanchez bezalako jokalari bat dute, partidaro 27 puntu lortzen dituena, baita amerikar bat eta senegaldar beste bat». Dena den, Gonzalez eta Rekondoren mutilek etxean duten sendotasuna erakutsi nahi izango dute: «Usabalen irabaztea zaila da eta hori demotratuko diegu». Horretarako, Usabalgo zaleen indarra ere beharrezkoa izango du taldeak.

menu
menu